Inasan bertan negoziatzen

Guaixe 2012ko uztailaren 18a

Inasako langileen kontratuak hausteko Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) bihar despedituko da. Zuzendaritza eta enpresa batzordea (CCOO 4, LAB 2 eta UGT, Solidari eta Koadroak bana) aste honetan egunero biltzen ari dira. Zuzendaritza hasieratik ordaindu beharreko kalte ordainak eta haiek ordaintzeko dirua nondik lortu zehaztera mugatu nahi izan du gai ordena. Inasako langileek gaur 56 egun egin dituzte greban. Lan gatazka hasi zenean aldeen arteko bilerak foru administrazioaren bulegoetan egin ziren. Ondoren, Santiago Gonzalez Berganzonesek Iruñeko 5 izarretako hotel batera eramanarazi zituen bilerak. Eta hala egin dituzte atzora arte. Gonzalezek atzokoan enpresa batzordeari esan zion hoteleko gela alokatzea garesti ateratzen zaiola eta bilera Inasan bertan eginen zela. Gaur Gonzalez lantegira sartu denean langile baten iraina jaso du. Hasiera batean hura kaleratu nahi izan du, baina bidegabeko kaleratzea izanen litzatekeenez, falta larria jarri dio.