Itxieraren itzala

Guaixe 2012ko uztailaren 20a

Inasako Enplegu Erregulazio Espedientearen kontsulta epea atzo despeditu zen eta langileen kaleratzearekin bukatuko da ziurrenik. Haien eta zenbait irurtzundarren iritziak jaso dituguBadira lantegiak herri baten zati bihurtu direnak. Ez soilik paisaian, gizartean ere. Urteak eman dituztelako herrian eta herriko seme-alaba askoren lantoki direlako eta egungo haur askorena izanen delako. Nolabait bere egin ditu herriak. Eta zaila izaten da haiek gabeko paisaiarik irudikatzea. Herri bakoitzak halako lantegiak ditu, esaterako, Etxarri Aranatzen Ufesa zen lantegi hori 2005era arte, edo Arfe Altsasun 2011ra arte. Betirako ziruditen eta dagoeneko ez daude. Gauza bera gertatzen zaie irurtzundarrei Inasarekin. 1956 garilaren 27an sortu zuen Huarte taldeak. Urteetan langileek lan eskubideak bereganatu dituzte, herritar askoren helburu bihurtuz han sartzea. Gutxi askok ezagunen bat du Inasan eta etorkizunagatik kezka aspaldi zabaldu zen herrian TestigantzakFelixek esan digunez, azken bi hilabeteetako eguneroko gaia da Inasarena. Frontoi estalian Inasaren aldeko barraka dago festetan. Hura muntatzez despeditu berritan Felixek "herriko betiko lantokiaren alde" daudela esan zigun. Jendea laguntzeko prest dagoela nabarmendu zuen: "herri osoa langileen alde, bere borrokaren alde eta haien lanpostuen alde dago". Etorkizunaz galdetuta, Felixek esan zigunez: "ia irtenbideren bat opatzen den eta Nafarroako Gobernua sartzen den". Greban ia bi hilabete eman ondoren "langileen egoera larria laguntzeko" barraka jarri da eta aterako den dirua erresistentzia kutxara bideratuko da. Irurtzundarrak eta langileak ariko dira barran zerbitzatzen. Moncloa tabernako Migel Angelek esan zigun, bezeroek haien artean Inasako itxieraz hitz egiten dutela. Lantegiaren itxiera nabarituko lukeela ere esan digu, "dagoeneko nabari da". Estankoko Mari Carmenek, berriz, esan zigun bere bezero gehienak Inasaren gaia aupatzen dutela. "Kezka handia da. Betidanik bizi izan gara harekin eta pena handia ematen digu". Negozioan ere nabari du, "jendea oso triste dago eta ez du gastatzen". Bere ustez etorkizuna ez da ona ez ibarrarendako ezta Espainia guztiarendako ere. Antsotenea dendan opatu genuen Maria Teres eta esan zigun asko hitz egiten dela gaiaz. "Inasa ixten bada, denak atzetik goaz. Ez dakit konponbiderik egonen den, baina ez litzateke itxi beharko". Langileak Xabiertxo irurtzundarrak artezteko makinetan lan egiten du eta 12 urte daramatza Inasan. Azken hilabeteak zer moduz bizi izan dituen galdetuta "oso gaizki" pasa duela esan digu. "Ez da bakarrik 2 hilabete hauek. Kontu honekin luze daramagu. Hau tontorra izan da, baina urte eta luze gaizki eman dugu". Etorkizunaz zer esan ez zekien Xabiertxok. "Kostatzen zaigu pixka bat sinistea hau itxi behar dela betirako". Beste era batean jarraitzea zaila ikusten du. Lankideekin lantegiko ateko "haiman"  ongi egon direla esan digu Xabiertxok. "Baina dagoeneko nabari da egun gehiegi daramatzagula hemen. Nerbioak nabari dira, baina oso ongi". Pello arbizuarrak 25 urte egin ditu Inasan, azken urtea bidalketa-biltegian eman du, aurretik makina bat postutan egon ondoren. Ez dutela urte xamurra pasa esan digu. Etorkizuna "beltza" dela gaineratu digu. Azken 2 hilabeteez galdetuta greba "gogorra" dela ziurtatu digu. "Hainbeste egun, azkenerako nerbioak kanpora ateratzen dira. Hemen, kanpamentuan, elkarrekin oso ongi. Ikusten duzu jendea gurekin dagoela. Gero, ez duzu nahi, baina azkenerako nerbioak, dena etxera eramaten duzu. Ez da horrela izan behar baina eramaten duzu". Inasako kudeatzaileak "31 eskutik ditu eta guri borroka besterik ez zaigu gelditzen".Satrustegikoa da Enrike eta 27 urte egin ditu Inasan. Horren aurretik udan ere lan egina zen lantegian. Mantenu lanak egiten ditu. Borrokaren luzeagatik animua "pixka bat baxu"  dutela aitortu digu. Azken urteaz galdetuta, "pixkanaka azpijana egiten dizu eta nahiko izorratuta". Norberaren egoera pertsonalak zama gehitzen dio. "Nire kasuan etxeko diru-sarrera bakarra ni naiz eta bi neska-mutil ditut, bat unibertsitatean..." Etorkizunaz galdetuta esan digu 54 urterekin aurre-jubilatuta sentitzen dela. "Segitu beharko da, baina Sakanan dugun panorama ikusita, atera kontuak". Grebaz satrustegiarrak esan digunez, "adierazgarria da greba langileen %90ak babestea. Jasan dugun jazarpen bortitz baten ondorioa da".