Mariñelarena hirugarrena Albaceten

Guaixe 2012ko uztailaren 25a

Emozioa pil-pilean izan zen Espainiako Abiadura Txapelketako (CEV) bosgarren proban. Lasterketa Albaceteko Zirkuituan jokatu zen, 10.500 zaleen aurrean. Sekulako ikusmira zegoen eta pilotuek ez zuten huts egin, sekulako ikuskizuna eman baitzuten. Tartean bi irurtzundar izan genituen lehian. Moto 2 mailan lasterketa Jordi Torres eta Noyesen erorketengatik baldintzatua egon zen. Roman Ramosek denboraldiko bere lehen garaipena lortu zuen. Orain arteko txapeldun Jordi Torresek irabazi behar zuela zirudienean, azken itzuliari ekin bezain pronto lurrera joan da kataluniarra, garaipena Ramosen esku utziz (Motorrad Competición). Albaceteko zirkuituko 19 itzuliak 29:24,654ko denboran egin zuen Ramosek. Dani Rivas eta Alejandro Mariñelarena sartu ziren bere atzetik. Horrela, irurtzundarrak (CNS Motosport, 29:47,221) atzera ere podiumera igotzeko aukera izan zuen. Sock Extreme mailan Juan Mari Olias irurtzundarra (Circuito de Navarra, BMW) aritu zen lehian. Proba hau ere oso gorabeheratsua izan zen. Albaceteko zirkuituko 19 itzuliak azkarren egin zituena Suzuki Team taldeko Adrián Bonastre izan zen (28.57.400). Benastrek nagusitasun osoz lortu zuen denboraldiko bere lehen garaipena. Xavi Flores eta Javier Del Amorren erorketen ondorioz Santiago Barragán bigarrena izan zen, eta orain arteko garaile Carmelo Morales hirugarrena izan zen. Olias irurtzundarra 13. postuan heldu zen helmugara (30:02,021). Sailkapen orokorrean Moralesek jarraitzen du lider (111 p.) eta txapelketa bukatzeko bi probaren faltan, badirudi titulua esku duela katalanak, 39 puntu ateratzen baitizkio Kyle Smith bigarrenari. Bestalde, Oliasek gora egin du sailkapenean. Orain 18.a da (9 p.). Espainiako Abiadura Txapelketako seigarren proba Albaceteko zirkuituan jokatuko da ere, irailaren 8an eta 9an, Albaceteko pistaren mustutzearen 22. urteurrena ospatzeko.