Bihar bozkatuko dute Inasako langileek akordioa

Guaixe 2012ko uztailaren 25a

Aurreko ostegunean zuzendaritzak eta LAB ez beste gainontzeko sindikatuek lortutako akordioa bozkatuko dute langileek. Plantillak akordioa babestuko duen edo ez erabakiko du horrela. Adostutakoaren arabera ostiralean 155 kaleratu egonen dira eta 13 langile geldituko dira. Kaleratuek lan egindako urte bakoitzeko 25 eguneko kalte-ordaina jasoko dute, 14 hileko mugarekin. Kalte-ordainak 9 epetan kobratuko dituzte. Kalte-ordainen berme gisa biltegian dauden aluminio bobinak, makineria eta bezeroekin dituzten kredituak izanen dira. 55 urtetik gora dituzten 35 langileendako hitzarmen berezia adostu da. 61 urtera arte Gizarte Segurantzako kotizazioak ordainduak izanen dituzte.Gaur, bestalde, ANEL (Asociación de Navarra de Enpresas Laborales) erakundeko ordezkariekin bildu da plantilla, kooperatiba bat zer den entzun dute.