Inasa itxita. Aurki kaleratzeak

Guaixe 2012ko irailaren 7a

Inasa itxita dago. 13 langile besterik ez daude lanean, eta haiek lantegia husteko lanetan ari dira. Gainontzeko 155 langileak kaleratuak izanen dira aurki. Sakanako UGTko buru David Medinak jakinarazi digunez astelehenean aurreneko 40 langileak kaleratuak izanen dira eta, pixkanaka-pixkanaka, gainontzeko guztiak kaleratuko ditu enpresak. Medinaren irudiko kaleratze prozesua ez da asko luzatuko. Antza, zuzendaritzak hala jokatuko du kaleratze guztiak aldi berean ordaintzeko dirurik ez duelako. Garila akaberan zuzendaritza eta enpresa batzordeko kideak, LABekoak ez beste, akordioa lortu zuten. Garilaren 28an langileek udaberri akaberan hasitako greba bertan behera uztea erabaki zuten. Lanik ez zegoenez, zuzendaritzak oporrak eman zizkien. Baina oporretatik bueltan langileak “jendea baldintza txarretan lanera bueltatu ziren, zuzendaritzak ez zuelako ezer pentsatuta egoera hori ematen bazen”. Ana Zapata CCOOko kidearen azalpenak dira. Gaineratu digunez, zenbait salaketaren ondoren, zuzendaritzak aurretik eskatu zuen kontratuak hausteko Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) beharrean kontratuak eteteko EEE eskatu zuen, langileen ordezkarien adostasunarekin. Horrek ekarri du langileak lantegira ez bueltatzea, baina oraindik kaleratuak ez izatea. Zapatak esan digunez, enpresa batzordea presio egiten saiatzen ari da bankuek Inasarekin haren zorra birnegozia dezaten eta horrela enpresariak kalte ordainak paga ditzan.