Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzungo taldeak 15 urte eginen ditu ohorezko dibisioan. Hala ere, taldea inoiz baino gazteagoa da: batez beste 23 urte dituzte. 2012-2013 denboraldirako prest, asteartean aurkeztu zuten plantilla berria prentsaren aurrean. Irurtzungo taldea ostiralean sartuko da lehian. 21:45ean lehiatuko da Barcelona Alusport txapeldunaren etxean. Heldu den astean mustuko dute etxeko partiduen eszenatoki berria, Anaitasuna pabilioia. Triman Navarra taldeak 15 lagun ditu plantillan, horietatik bi irurtzundarrak: Roberto Martil eta harrobitik datorren Daniel Saldise. Azken horrekin batera, taldean berriak dira Alex, Victor, Ivan, Iñigo eta Jonathan. Taldea utzi dute Juanito, Juanra, Mimi eta Isik. Taldeak Imanol Arregiren agintera jarraituko du. Entrenadorearen hitzetan, "urte zaila izanen da plantilla gaztea delako eta egonkortu beharra izanen dugulako, baina aldi berean, ilusio berria ekarri du". Hala ere, ahalegina, apaltasuna eta anbizioa oinarri hartuta, "onenen artean egotea" espero dute. 14 talde lehianHastera doan denboraldian 14 taldeko lehiatuko dira Ohorezko mailan, eta ez 16, ohiko zen bezala. Ez du zuzeneko jaitsierarik egonen; azken taldeak promozioa fasean sartuko da. Beraz, gazteei aukerak emateko une aproposa izan daiteke.