Alex Mariñelarena Munduko Txapelketan

Guaixe 2012ko irailaren 28a

Asteburuan MotoGPko munduko txapelketako Aragoiko Sari Handia jokatuko da Alcañizeko Motordland zirkuituan. Bertan izanen da Alex Mariñelarena, Moto 2 kategorian. Irurtzundarrak Espainiako Txapelketan erakutsitako mailari esker, Wild Card gonbidapen berezia jaso du. Horrela, Zaragozako CNS Motorsort taldeak ordezkaritza izanen du etxeko lasterketan. Mundialean parte hartu ahal izateko, bi babesle berri aurki behar izan dituzte, Cofidis eta Targobank.Alex Mariñelarenak azaldu digunez, "munduko txapelketan parte hartzea aukera handia da bai niretako, bai taldearendako". Irurtzundarrak motoziklismoko goi mailako taldeak eta motoristak izanen ditu aurrez aurre. "Espainiako Abiadura Txapelketan, Moto 2 kategorian lider den Jordi Torres ezaguna dut, baina gainerakoen aurka lehen aldiz lehiatuko naiz" esan digu. Lasterketa ostiraletik igandera jokatuko da. Ostiralean eta larunbat goizean proba libreak izanen dituzte eta larunbat eguerdian, 15:10ean sailkapenerako kanporaketa. Egun handia igandean izanen da. Goiza beroketa edo Warm Up-arekin hasiko dute eta lasterketa erabakigarria 12:20ean hasiko da. 21 itzuli eman beharko dizkiete zirkuituari, eta ez 16, Espainiako Txapelketan bezala. Ea Alex Mariñelarenak ongi eusten duen.Espainiako Txapelketan lan onaAbiadurako Espainiako Txapelketa erabakitzeko lasterketa bakarraren faltan, Alex Mariñela sailkapen nagusiko 4. postuan dago, 75 punturekin, Jordi Torres (110 puntu), Roman Ramos (97) eta Kenny Noyesen (76) atzetik. Benetan marka bikaina, kontuan izanda irurtzundarrak aurten mustu duela Moto 2 kategoria eta Espainiako Txapelketan lehiatzen den bigarren urtea dela. Txapelketako azken aurreko lasterketa irailaren 9an izan zuen Albaceten. Irurtzundarrak ezin izan zuen garilean zirkuitu berean lortutako 3. postua errepikatu. "Albaceteko zirkuituan arazoak izaten ditut, baina 4. bukatu arren, pozik gelditu nintzen aurreko lasterketan baino marka hobea egin nuelako" esan digu. Irurtzundarraren erronka txapelketa 3. postuan amaitzea da. Helburua eskura du, Noyes estatubatuarrarengandik puntu bakarrera baitago. Harri aurre hartzeko azken aukera azaroaren 18an du, Valentzian. Bertan erabakiko da txapelketa.