Gobernua Inasako jarduera mantentzen saiatuko da

Guaixe 2012ko irailaren 27a

Horixe jakinarazi zuen aurreko ostegunean  Nafarroako Parlamentuan Lourdes Goikoetxea Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak. INASAko enplegu-erregulazioko espedienteari buruzko azalpenak eman zituen, Bilduk hala eskatuta. Goikoetxeak esan zuenez,"Nafarroako Gobernuak lanpostuak mantentzeko nahia izan da hasieratik Zuzendaritzak lantegia ixtea erabaki ondoren langileendako akordio onenaren alde lan egin dugu batetik. Bestetik, zuzendaritza eta enpresa batzordea ANELekin harrremanetan jarri ditugu kooperatiba batek jarduerarekin segitzeko azterketa egin zezan". Bikendi Bareak (Bildu) Inasaren itxiera "aldez aurretik zehaztutako eta arbitrarioak izan diren neurriengatik da. Sakanako egoera gehiago okertzera datorrena". Bareak Baikap-en kudeaketaren kontra egin zuen. Eta zuzendaritzak langileei kooperatiba sortzeko jarritako baldintzak onartezinak zirela salatu zuen. Arrisku kapital sozietateei laguntza publikoak eta abantailak eman behar ote zaizkien hausnartzeko eskatu zuen Bareak. Bestetik Bilduko kideak Inasakoaren moduko kasu gehiago ez gertatzeko "kontrol zorrotza ahalbidetuko duten neurriak" eskatu zituen. Aldi berean, Sakanaren egoera hobetzeko neurriak aldarrikatu zituen. Koro Gainzak (UPN) Inasaren itxieraren ardura arrisku-kapital sozietateari leporatu zion. "Sekula ez zuen industria jarduera segitzeko inolako planik egin. Etekin handiena lortzeko ekonomia espekulatiboaren alde egin du". Langileek egindako ahalegina aitortu du. Baita departamentuarenak ere. Itxierari alternatibak bilatzeko ahaleginak egiteko eskatu zion kontseilariari. Samuel Caro (PSN) Baikap "enpresa likidatzaile" gisa definitu zuen. Departamentuak Inasa kooperatiba bihurtzeko egindako ahaleginak aitortu zituen eta dauden asmoak gauzatzeko esperantza azaldu zuen. Langileei babesa eman zien. Txentxo Jimenezek (NaBai) salatu zuen PPk onartutako lan erreformaz baliatu dela zuzendaritza izan duen jokabidea izateko. UPNk lege hura babestu zuela ere gogorarazi zuen.  Zuzendaritzak, besteak beste, etorkizuneko konponbideei ere traba jarri diela nabarmendu zuen. Jimenezek galdetu zuen: "zertarako ditugu ditugun tresna guztiak halako pertsonaiak etorri eta nahi dutena egiten badute? Zer paper dugu, halakoak geldiarazteko baliabiderik ez badugu". Ana Beltran (PP) ahal den neurrian enpresaren ekoizpena jarraitzearen eta ahalik eta enplegu gehien mantentzearen alde agertu zen. Arrisku-kapital enpresen defentsan atera zen, "ezin dira satanizatu; arduratsuak eta ardura-gabeak izanen dira". Bestalde, Urdiain-Altsasu industrialdeaz azalpenak eskatu zituen. Jose Migel Nuin (I-E) Inasaren itxieraren arduradun egin zituen: Baikap, langileen baldintzak izugarri aldatu nahi zituena, eta lan erreforma, zuzendaritzari horrela jokatzeko bide eman diolako. Inasa lan erreformaren biktima dela salatu zuen Nuinek. Erreforma PPk eta UPNk onartu zutela nabarmendu zuen. Nafarroako Gobernuaren borondate ona aitortu arren egoerari aurre egiteko baliabide eraginkorrik ez zuela adierazi zuen Nuinek. Langileen borroka aitortu zien.