Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo ohorezko mailako bosgarren jardunaldiko aurreratutako partida jokatu zuen Triman Navarra Xotak El Pozo Murcia lider ahaltsuaren kontra. El Pozok oso gutxitan galtzen du etxean eta partida oso konplikatua zen Imanol Arregiren mutilendako, baina talde irurtzundarrak serio jokatu eta Murtziatik puntu baliotsu bat ekartzea lortu zuen, El Pozoren kontra hiruna berdindu eta gero. Garaipen zaporea izan zuen Trimanendako berdinketa horrek. Sekulako partidaz gozatu zuten Murtziako pabilioian bildu ziren zaleek. El Pozo aurreratu zen baina berehala berdindu zuen Trimanek, eta hori bera gertatu zen beste bitan, partida bukaeran Rafa Usinek hiruna berdindu arte. Imanol Arregi entrenatzaile irurtzundarra oso pozik azaldu zen bere mutilek egindako lanarekin. "Sekulako partida izan da. Ongi aritu gara defentsa eta erasoan, gol aukera askorekin. Berdinketa honek zapore oso ona du, lortutako puntuagatik baino gehiago egin dugun partida bikainarengatik" zioen Imanolek. Gauzak horrela El Pozo Murciak jarraitzen du lider, 10 punturekin. Triman Navarra 5.a da, 7 punturekin. Asteburuan laugarren jardunaldia egonen da jokoan: Triman Navarrak sailkapenean bigarrena den Inter Movistar taldea hartuko du Anaitasunan, 20:30ean. Beste partida konplikatu bat, zalantzarik gabe. Baina talde berdea ez da kikiltzen eta zaleak lagun gauzak oso zail jarriko dizkio Madrilgo taldeari.