Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Inasan gaur egun 10 langile besterik ez dira gelditzen. Bavaria Industrial Kapital AG arrisku-kapital enpresa alemaniarrak gainontzeko 158 langileak kaleratu ditu. Orain 55 urte baino gehiagoko langileen hitzarmen bereziak lantzen ari da. Zuzendaritza eta LAB ez beste gainontzeko sindikatuek (UGT, CCOO, Solidari eta Kuadroak) sinatutako akordioaren arabera langileek epeka kobratu behar zuten kaleratuak izateagatik zor zaien kalte ordaina. Gehienez ere 9 hileko epean. Iturri sindikalek jakinarazi digutenez aluminioa eta makinaria salmentatik lortutako diruarekin kalte ordainen %15 ordaindu zuen asteazkenean. Lehiaketa bai? Ez?Aurreko astean Inasako zuzendariak, Santiago Gonzalez Berganzonesek jakinarazi zuen BBVAk ez zuela enpresa birfinantzatzeko proposamena onartu. Gonzalezek prentsa ohar bidez azaldu zuenez, "horrek aurre-konkurtso lehiaketa gainditzea ekarriko lukeen akordio globala galarazten du eta hartzekodunen lehiaketa ekar dezake". Inasan ez dago hartzekodunen lehiaketarik. Zuzendaritzak ez du halakorik nahi. Iturri sindikalek jakinarazi digute horretarako aukera handia dagoela, baina hori enpresaren jokabidearen araberakoa izanen da: "zordunei, bankuei, zorra kentzeko eskaintzen dienaren araberakoa izanen da". Iturri sindikalek esan digutenez, "zaila da jakitea zer gertatuko litzatekeen hartzekodunen lehiaketa indarrean jarriz gero". Langileendako "loteria" moduko bat izan litekeela eta kalte-ordainak bertan behera gelditu daitezkeela esan digute sindikatuetatik. Beste eskaera batZuzendaritzak langileei kontratua eteteko agiriarekin batera beste dokumentu bat eman zien sinatzeko: lan erreformako 41. artikuluaren aplikazioagatik epaitegian zuzendaritzaren kontra jarritako salaketa bertan behera uztea eskatzen zuen. Iturri sindikalek jakinarazi digutenez, zuzendaritzaren kontra salaketa kolektiboa eta indibidualak daude. Horiek ez dituzte kenduko espedientearen puntu guztiak betetzen ez diren bitartean.