Gehiago izan zitekeen

Guaixe 2012ko urriaren 8a

Talde handia hartu zuen Triman Navarra Xotak ostiralean Iruñean: Inter Movistar. Ahaltsuak madrildarrak. Xumeagoak irurtzundarrak. Hala ere, bi taldeak nor baina nor aritu ziren lehian eta nahiz eta bana berdindu eta talde handi baten kontra puntu baliotsua lortu, gehiago merezi izan zuten Imanol Arregiren mutilek. Horregatik, zapore gazi-gozoa utzi zuen berdinketak. Ongi ari da Triman Navarra Xota. Ohorezko mailari hasiera bikaina eman dio. Inter Movistar, liga irabazteko faboritoetako bat, larri ibili zen ostiralean talde berdearen kontra. Gehiago merezi izan zuen talde nafarrak, gehiago arriskatu zuelako. Markagailuan 15. minutuan aurreratu ziren Imanol Arregirenak, Eseverriren golari esker. Baloia kontrolpean izaten jakin zuten irurtzundarrek. baina 5 minutu beranduago madrildarrek berdindu zuten, zuten artilleria guztia erabili eta gero. Azkeneko minutuetan ere aukera gehiago izan zuten berdeek, baina berdinketarekin despeditu zen lehia. Puntu baliotsua lortu du Xotak. Nahiz eta taldeak gehiago merezi, Imanol Arregi pozik zegoen taldeak egindako partida bikainarekin. Sailkapen orokorrean Bartzelonak lortu du lidergoa, El Pozo Murcia bigarrenarekin 13 puntutara berdinduta. Hasiera bikain honi esker Triman Navarra Xota 5.a da, 8 punturekin. AtsedenaAsteburu honetan 5. Jardunaldia dago jokoan. Triman Navarrak aurreko astean jokatu zuen jardunaldi honetako partida, El Pozoren kontra, hiru goletara berdinduz. Hortaz, atseden hartuko du Trimanek.