Irurtzungo Antzerki Zikloaren bigarrena

Guaixe 2012ko urriaren 11

Hiru gizon estrainio, hauskor eta samur. Noraezean dabiltza. Iluna, itxia eta hezea den barneko etxabe batean bizi dira. Hainbat itxura dituzte babesleku: haien egungo izana, etorkizunean izan nahi dutena, izandako izana edo lortu ahal izanen zutena. Hala, gizakiaren funtsezko bakardadea, elkarbizitzaren arazo arruntak, geopolitika kontuak, giza jokaera ziztrinak eta beste hainbeste gai azaleratu dira antzezlanean. Hausnarrean egon ahala, beren gezurrak sinestera helduko dira, kanpoko munduarekin ia-ia harremanik ez dutelako...Ironia eta paradoxa. Umore fina eta malenkonia tanta mingots batzuk nahasten dira uneoro eta ikusleak erraztasun handiz pasatuko dira barre algaretatik pentsamendu sakonetaraino. Txubio Fernandez de Jáuregui, Andres Bezares eta Jon Elola izanen dira guztia taularatuko dutenak.