Hondurasko bi ikastetxetako jangeletara bideratuko da 2. eskuko azokako dirua

Guaixe 2012ko urriaren 26a

Tegucigalpa hiriburuko auzo baztertu banatan daude eskolak. Guztira 3.190 haur izanen dira onuradunak Igandean, 10:00etatik 14:00etara, Irurtzungo Foru plazak (frontoian euria egiten badu) 2. eskuko azoka hartuko du. Itxipuru taldeak antolatutako ekimenaren XXIV. edizioa da etzikoa. Oraingoan Hondurasgo hiriburu Tegucigalpako bi auzo baztertutan dauden bi ikasteetxeetako jangeletara bideratuko da arropa, tresna elektrikoak, liburu, disko eta bestelako objektuen salmentatik ateratako dirua. Acoes.Ex gobernuz kanpoko erakundearen bidez iritsi zaio egitasmoa Itxipururi. Helburua da Tegucigalpako baztertutako auzoetako baliabide gutxiko familien haurrei hezkuntza eta elikadura egokia ematea. Familietako batzuk hautsiak daude, besteetan alkoholismo edo prostituzio arazoak daude eta ikasleen ehuneko handi bat haur asko dituzten ama ezkongabeenak dira. 3 eta 12 urte bitarteko haurrak ikasleak dituzte bi eskola horiek. Bestalde, bi ikastetxeak hartzen dituzten auzoetako komunitatean eragiten ari dira eta hezkuntzaren garrantziaz ohartarazten ari dira. IkastetxeakSanta Clara de Asis eskola Ramon Amaia Amador auzo marjinalean dago. Auzo horretara landa eremutik hirira joandako nekazariak eta Mitch urakanak kaltetutako familiak bizi dira. 43 irakaslek 1557 ikasleri eman zien klasea pasa den urtean. Bere jangelaren hileko aurrekontua 1.200 eurokoa da. Santa Teresa de Jesus eskola hiriburuko Nueva Capital kolonian dago. Gune hori Mitch urakanak kaltetutako familiek sortu zuten eta gerora Tegucigalpako baztertutako beste auzo batzuetako eta Hondurasko landa eremuko herritarrek hartu zuten bizitokitzat. Eskolak pasa den urtean 1633 ikasle eta 47 irakasle zituen. Hilean 1.500 euro behar dituzte jangela zerbitzua emateko.