Hamaika doinu XI. Pikurocken

Guaixe 2012ko urriaren 31

Jaialdien zirkuituan tokia egina eta kartel sendoarekin heldu da Pikurock XI. Urtero moduan talde entzutetsuak izanen dira Irurtzungo kiroldegiko oholtzara igoko direnak. Ohi denez, etxeko talde batek zabalduko du jaialdia. Ostiralean eszenatokian lehenak Gaur Ez taldeko Xabi Unanua (baxua eta koroak), Jule (ahotsa), Alfredo (gitarra), Idoia (gitarra) eta Julen (bateria) izanen dira. Erritmo sendoko eta melodia goxoko taldea, aurki kalean diskoa izanen duena.Aurkezpen handirik behar ez duena Gorka Urbizuk gidatzen duen hirukoa da: Berri Txarrak. Lekunberritik pasa den urtean argitaratutako Haria diskoarekin dator hirukoa, heldu den hilean Europako bira hasi aurretik. Su Ta Gar Ametsak pilatzen izeneko lana argitaratu zuen pasa den urtean eta doinu gogor haiek ekarriko dituzten Irurtzunera, arrotz ez zaien eszenatokira. Bizardunak iruindarrak Ur ederra kirats infinituan izeneko lana aterako dute aurki. "Folk erradikala" ekarriko dute Pikurock-era. Ontzako emanaldiak Tximeleta plaza-taldeak despedituko du. Kiroldegiaren aldameneko karpan, bestalde, DJ Jo ta Txo eta DJ Bull ariko dira.JaibusaBueltarako izanen da bakarrik: 3:00etan, 5:00etan eta 7:00etan.