Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Dani Saldise irurtzundarrak 17 urte ditu eta Xotako harrobian trebatu da. Egun Triman Navarra Xotako talde filialean aritzen da. Talde nagusian, Triman Navarra Xotan, lagunarteko hainbat partida jokatuta zituen, baina aurreko ostegunean txapelketa ofizialean, hau da, ohorezko mailan, debuta egin zuen. Errege Kopako partida zuen Triman Navarrak Sevillan, Nazareno taldearen kontra, eta Imanol Arregik kantxara atera zuen harrobiko irurtzundarra. Ongi aritu zen Dani Saldise. "Ez nuen espero horren listo debutatzea lehen taldearekin, baina onartu beharra daukat prestatuta nengoela, eta irrikitan" adierazi du Dani Saldisek Xotako web gunean publikatutako elkarrizketan. Nazareno taldearen kontra irabazi egin zuen Trimanek, Errege Kopan aurrera eginez. "Nahiz eta partidan asko sufritu, kontentu nago emaitzarekin. Tentsio handiko partida zen. Jesulitoren golean presente egon nintzen eta hori oso inportantea izan zen niretako" gaineratu du Irurtzungo jokalariak. Herrian sortutako taldean aritzea ametsa izan da Saldiserendako. "Txikitatik gurasoek Xotaren partidak ikustera eramaten ninduten. Txikitatik kamiseta honekin jokatu dut eta maila gorenean Xotaren kamiseta berdea janzten jarraitzea handiena da niretzat". Aldageletan izandako harrerarekin pozik dago Saldise. "Oso ongi hartu naute eta asko ikasi dut, bereziki Rafa Usinekin eta Javi Eseberrirekin. Eseberrik erasoan eta defentsan aritzeko gauza asko erakutsi dizkit" azaldu du. Irurtzundarrak argi du hobetzeko asko duela. "Denetan hobetu behar dut baina bereziki defentsan eta estrategian" nabarmentzen du. Horretarako gogor entrenatzen jarraituko du.