Trimanek sufrituz irabazi zion Galdarri

Guaixe 2012ko azaroaren 26a

Tailandiako Mundialak jokatu bitartean 7 asteko geldialdia izan du Ohorezko Mailak, baina Triman Navarra Xotak badirudi ez duela gehiegi nabaritu geldialdi hori. Ostiralean etxean jokatutako partidan 4-3 gailendu ziren Imanol Arregiren mutilak, baina aipatzekoa da garaipen hori lortzeko ederki sufritu behar izan zutela irurtzundarrak. Hasieratik bukaerara arte partida kontrolatu zuen Trimanek. Ximbinhak bi gol sartu zituen 12. minuturako. Atezain-jokalaria erabiliz 2-1 gerturatu zen Galdar atsedenaldirako. Bigarren zatia berdin hasi zen: Carlitosek 3-1 aurreratu zuen Triman eta Galdarrek une okerrenak bizi izan zituen. Atzera ere atezain-jokalari formula erabili zuten kanariarrek baina Ximbinhak Xotaren laugarren gola sartu zuen. Zalantzarik gabe, Ximbinharen eguna izan zen. Baina Galdarrek kontraeraso bikainak probestu zituen eta bi gol sartu zituen, 4-3 hurbilduz. Gainera, arbitroak Eseverri aldageletara bidali zuen. Urduri eta ordua eskatzen bukatu zuen Trimanek, baina, zorionez, markagailua ez zen gehiago mugitu eta garaipena etxean geratu zen. Partida bukaeran Imanol Arregi entrenatzaileak adierazi zuen Triman nabarmen gailendu zela partidan, baina bukaeran gehiegi sufritu zutela. Derbya jokoanBartzelona da liderra, 16 punturekin. Triman Navarra 5. dago sailkapenean, 11 punturekin. Asteburuan derbya jokatuko dute Triman Navarrak eta Rios Renovablesek. Erriberakoak 6.ak dira sailkapenean, Triman Navarraren atzean, puntu eskas batera. Hortaz, arerio zuzenen arteko lehia izango da, ikusmin handia piztu duena. Partida Tuteran jokatuko da, abenduaren 1ean, eta Marca Televisionek eskainiko du, 13:00etatik aurrera. Bestalde, hurrengo astean, abenduaren 7an, Triman Navarrak egun 4.a den Santiago hartuko du.