Garaipenei esker Triman Navarra laugarrena da

Guaixe 2012ko abenduaren 10a

Triman Navarra Xotak puntuak pilatzen jarraitzen du. Rios Renovables Ribera taldeari Tuteran 3-4 irabazi eta gero, ostiralean, etxean, 5-3 nagusitu zen Santiago Futsal taldearen aurrean. Emozioz betetako partida izan zen, oso lehiatua. Eta nahiz eta Imanol Arregirenak hasieratik markagailuan aurreratu eta lehen zatia aldeko hiru golekin despeditu, Santiagok ez zuen partida galdutzat eman eta azken unera arte lehia bizia izan zen. Baina, ederki sufritu ondoren, 5-3 gailendu ziren nafarrak. Ximbinha, Jesulito, Roberto Martil irurtzundarra eta Carlitos (2) izan ziren Irurtzungo taldearen golegileak."Gehiegi sufritu dugu. Gure akatsen ondorioz gerturatu zaizkigu, baina defendatzen eta sufritzen jakin dugu eta irabazi dugu. Ikusgarria da taldea egiten ari den lana" zihoen Imanol Arregi entrenatzaileak.Bartzelona da ohorezko mailako liderra, 22 punturekin. Azkeneko garaipenei esker Triman Navarra sailkapenean 4.a da, 17 punturekin. Asteburuan Galizian jokatuko du Irurtzungo taldeak, 6 punturekin sailkapenean 10.a den Azkar Lugoren kontra.