Botxen inguruko dokumentala mustuta

Guaixe 2012ko abenduaren 12a

Itziar Matxainek egin du dokumentala eta gidoiaren prestakuntzan Mikel Goldarazenaren laguntza izan du. Irurtzunen aspaldi jolasten zen, ondoren, galdu eta berreskuratu den joko baten berri eman dute irudien eta testigantzen bidez. Ostiralean Iratxo elkartea dokumental bat mustutzeko prestatu zen eta ekitaldiak erakarrita jende ugari bildu zen, tartean dokumentalean agertzen diren irurtzundarrak. Irurtzunen bizpahiru botxategi izan ziren, baina garrantzitsuena egungo Pikuxarren atzean zegoen. Han makina bat jende biltzen zen, igandeetan batez ere. Porroia eta olibak jokoan jartzen zituzten askotan. Pasa den mendeko 30eko eta 60ko hamarkaden artean jokoak garrantzia handia izan zuen Irurtzunen eta haren lekukotza eman dute dokumentalean Lucia Elustondok eta Manolo Santanderrek. BerreskuratutaUrteekin botxa jokoak Irurtzunen zuen indarra galdu egin zuen eta galdu egin zen. Harik eta duela 20 bat urte Iratxo elkarteak botxategia egin zuen arte. Joko zelaia egin berritan astebururo izaten ziren botxa partidak. Baina jokoa orain, batez ere, uda partean izaten da. Haurrendako lehiaketarekin batera, helduendako banakako, binakako eta hirunakako txapelketak ere izaten dira. Haurrek botxatan jokatzen ikasteko ikastaroak ere antolatzen dira gaur egun. Botxak, lehen eta oraingo jokoa dokumentalean egungo 10 jokalari irurtzundarren testigantzak ere jaso dira, heldu nahiz haur. Haiekin batera Paco Nevado iruindarra ere agertzen da. Amaia klubeko kide, botxa jokoaren inguruko jakituna da Nevado. Baita botxagilea ere. Horretarako ezpela eta beruna erabiltzen ditu. Erabateko ziurtasunik gabe, garai bateko botxek berunik ez zutela ere aipatu da dokumentalean. PozikMatxainen estreinako dokumentala izan da ostiralean mustutakoa. Argazkilaria izatez, bideo artistikoagoak egin izan ditu orain arte. Mustutzean jendeak izandako erantzunarekin pozik gelditu da irurtzundarra. Bere lanaren kopia bana jaso zuten dokumentalean agertzen diren pertsonak. Horretaz gain, Iratxo elkartean ere DVD batzuk gelditu dira. Dokumentalean interesa duenak Iratxo elkarteko kideekin jarri beharko du harremanetan.