Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Triman Navarra Xotak bolada onari bukaera eman dio, ostiralean Caja Segoviak 3-4 hartu baitzuen menpean talde irurtzundarra Anaitasunan jokatutako partidan. Trimanek 8 partida jarraian zeramatzan irabazten baina ostiralean ezin izan zuen Segoviako irabazi. Segoviak hartu zion tamaina partidari. Joko bizia jokatuz, kantxan erosoago zebiltzan segoviarrak. Aldiz, Imanol Arregiren mutilei kosta egin zitzaien partidan sartzea. Segovia izan zen markagailuan aurreratu zena baina hortik aurrera Triman esnatu zen eta margailuan 2-1 aurreratu ziren, Araçak sartutako bi golei esker. Bigarren zatia bizi-bizia izan zen. Bi taldeen jaurtiketak zurtoinera jo zuten, baina berehala berdintzea eta 2-3 aurreratzea lortu zuen Segoviak. Nahiz eta Eseberrik hirura berdindu, Caja Segoviak ez zuen partida galdutzat eman eta 3-4 aurreratzea lortu zuen. Irurtzungo taldea saiatu zen baina markagailua ez zen gehiago mugitu. Imanol Arregi entrenatzaileak onartu zuen taldeari "txispa eta garra" falta izan zitzaiola. "Ez dugu bestetan bezala asmatzea lortu. Baina hala ere kontentu nago egindako lanagatik" aitortu zuen. Sailkapen orokorrean Bartzelonak jarraitzen du lider, 28 punturekin. Triman Navarra 5.- postura jaitsi da, 20 punturekin. Gabonetan atsedena hartuta, hurrengo partida ilbeltzaren 5ean jokatuko da. Sailkapenean 11.a den Puertollano taldea izango du arerio Triman Navarrak.