Errizoma proiektua, sormena diziplina artekotasunetik

Guaixe 2012ko abenduaren 28a

Abenduaren 29an, larunbatean, 18:00etan, 19:00etan, 19:30ean eta 20:00etan; eta abenduaren 30ean, igandean, 18:00etatik 20:00etara, etengabeko proiekzioa Irurtzungo kultur etxean. Gonbidapenak udaletxean edo Pikuxar euskal txokoanBaziren behin Irurtzungo antzezle bat (Lorena Arangoa), argazkilari bat (Itziar Matxain), margolari bat (Ibai Viñas), Iruñeko musikari bat (Arkaitz Nagore) eta ikus-entzunezkoetan trebatutako bilbotar bat (Beñat Romero). Bostak bildu ziren ikerketa bat egiteko: nor bere diziplinatik abiatuta talde gisa nola lan eginen zuten ezagutzea. Abiapuntua Artzeren Gogo eta gorputzaren zilborrestea poema izanen zuten. Ikerketa abiatu aurretik, bost artistek argi zituzten bi gauza: azken lana baino garrantzi gehiago zuela prozesuak berak erakutsiko ziena eta, talde lanean hastean nork bere diziplina eta egoa baztertzea amankomuneko lanaren alde. Bost ikerlari-artistek haien lana abiatzeko, gainera, Euskara Kultur Elkargoaren diru-laguntza izan zuen. Artista bakoitza bakarkako lanean hasi zen, olerkiak iradokitzen zizkion kontzeptu edo ideiak islatzen. Bakoitzak sortzen zuena beste artistekin komunean jartzen zuen. Horretarako, hilero biltzen ziren eta jokoen bidez elkarren kontzeptuak lantzen zituzten. Atera ziren kontzeptuekin, 5 artista-ikerlariek maiatzean talde lanari ekin zioten. Bizpahiru hilabete ibili ziren ideia bati bueltak ematen, handinahia zela konturatu ziren arte. Oporren ondoren, ikerlari saiatuak atzera elkartu eta sortutako kontzeptuak proiekzio batean txertatzeko moduko ahalegina egin zuten. Asteburuetako topaketak eta urte guztiko lan gogorraren ondoren buruan zutena ateratzea lortu zuten bost artistek. Eta asteburuan Irurtzunen erakutsiko dute. Pozik gelditu dira egindakoarekin eta une oso onak pasa dituzte. Irurtzunez gain,beste toki batzutan erakusteko asmoa dute. EKEk Erriberara eramanen du. Hori gutxi balitz, artista hirukote irurtzundarra gehiagoren gose gelditu da eta beste zerbait sortzeko pentsamendua du.