Errege Kopatik kanpo geratu da Triman

Guaixe 2013ko urtarrilaren 17a

Asteazkenean Errege Kopako final laurdenetako lehia jokatu zuen Triman Navarra Xotak Santiago Futsalen kontra. Ezinezkoa izan zen final erdietara sailkatzea, Trimanek garesti ordaindu baitzuen punteria falta. Gol aukerak sortzen zituen Irurtzungo taldeak, baina kontrako atean asmatu, ordea, ez. Horrela, 0-3 aurreratu zen Santiago. Araça atezain-jokalari jarri zuen Imanol Arregik, eta Rafa Usin eta Eseberriren golei esker 2-3 gerturatu zen Triman. Baina berdinketa lortzea ezinezkoa izan zen eta, pena handiz, Errege Kopari agur esan behar izan dio Trimanek. "Golak sartzeko izan ditugun arazoengatik joan zaigu partida" nabarmendu zuen Imanol Arregik. Ohorezko mailan Fisiomedia Manacorren kontra berdindu ondoren, sailkapen orokorrean 5.a da Triman (24 puntu), Bartzelona liderratik 10 puntura. Manacorren kontra ere golak sartzeko arazoak izan zituen Trimanek eta arazo horiei irtenbidea eman beharko die asteburuan Marfil Santa Colomaren (7.a, 16 punturekin) kontra duen partidan.