Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean, 19:30ean (euskaraz) eta 20:30ean (gaztelaniaz) Irurtzungo Kultur Etxean. Sarrera: euro 1 (6 urte artekoak doan). Sarrerak salgai Pikuxarren eta Kultur Etxean. Martina txikiak amets handiak ditu, ametsei leihoa ireki eta haiekin jolastea atsegin du... Hori da Urko Mauduit zuzendari irurtzundarraren begiradapean Irude Koop lantaldeak prestatu duen 5 minutu inguruko 3D animazioko laburmetraiaren sinopsia. 4-8 urte bitarteko haurrei zuzendua dagoen arren, publiko guztiarendako aproposa den film laburra da Martina. Nafarroako Gobernuko INAAC fundazioak lagundutako proiektua da, eta irailean mustuko da ofizialki. Ordura arte ezinen da ikusi, baina bihar, larunbatean, Irurtzungo Kultur Etxeak Martinaren aurre-estreinaldia hartuko du. "Duela 4 urte, Odisea etxaldean gure azken film-laburra bukatu ondoren, beste proiekturen bat egiteko ideien bila hasi ginen. Orduan Natalia Soriak berak marraztutako ipuin txiki bat erakutsi zidan, Martina y la luna izena zuena. Bertan Martina azaltzen zen, jakin-min eta imajinazioz beteriko begi handi horiekin. Ilargiaren erlazio berezi eta maitagarri hori ere azaltzen zen. Ordutik maitemindu nintzen ni Martinaz eta bere munduaz. 3D animaziorako oso aproposa eta ederra zela iruditu zitzaidan eta hasiera hasieratik garbi izan nuen horrelako istorio bat kontatu nahi nuela" azaldu digu Urko Mauduitek.Filma egin ahal izateko finantziazioa bilatzen epe luzea eman dutela gaineratu digu Mauduitek, eta Nafarroako Gobernuko film-laburren diru-laguntzen deialdian 3. aldiz aurkeztu zirenean proiektua aurrera ateratzeko finantziazioa lortu zutela. Baina, jakina, horretaz gain lagunen eta ezagunen laguntza izan du Mauduitek eta, horregatik, filmak "auzolanaren izpiritua" duela nabarmendu du. Laguntza askoIrude Koop 3D animaziozko lantaldean Mikel Gonzalez, Ioseba Salaberri, Alberto Lazaro eta Urko Mauduit bera daude, eta momentu puntualetan Ester Iriarte, Ianire Beriain, Gorka Bolea eta hainbat kideren laguntza dute. Bospasei hilabete eman zituzten irudiak sortzen, 3D animazioko prozesuak egiten. Gero, beste lan espezifikoetarako beste pertsonen laguntza izan dute. Esaterako, Nerea Balda irurtzundarrak gidoia egokitu zuen, Igor Razkinek (euskaraz) eta Ion Barbarinek (gaztelaniaz) narratzaile lanak egin dituzte, soinu efektuak sortzen eta grabaketa lanetan Jorge Cordon irurtzundarra aritu zen - "betiko lankidea" Mauduiten esanetan - , Martinaren jatorrizko soinu banda Kontxi Lorentek egin du - jazz pianista da Lorente, "artista handia" Mauduiten esanetan eta larunbateko aurre estreinaldian sorpresa emango omen du - eta, jakina, alboan dituzten kideen laguntza ezinbestekoa izan da ere. Bihar etxean erakutsiko dute lana eta aurrerago eginen da aurkezpen ofiziala. Martina2013 urtea. 5 minutu. Zuzendaria: Urko MauduitLan taldea: Irude Koop.Produkzioa/ekoizpena: Sistema Formación.Soinu banda: Kontxi LorenteGidoia: Nerea BaldaSoinu efektuak: Jorge Cordón.