Hogei antzezle suizidioaz

Guaixe 2013ko urtarrilaren 25a

Igandean, 19:00etan Irurtzungo kultur etxean. Atikus teatro eta antzerki tailerrakArto Paasilinaren ideia batean oinarrituta ondu da ¿Morirse? No es para tanto antzezlana. Nafarroan buru-hilketak duen transzendentziari buruzko azalpen labur batekin hasiko da obra. Jarraian antzezleak hipotesi bat proposatuko dute: buru-hilketa egin nahi dutenendako abantaila onenak dituen buru-hiltze kolektiboa. Bere buruaz beste egiteko denetariko arrazoiak dituzten pertsonaiak pasako dira eskenatokitik. Sortzaileak saiatu dira gaia errespetuz eta lasaitasunez hartzen, batzuetan ikuspuntu transzendentearekin, dibertigarriarekin besteetan. ElkarlaneanAtikus Teatro konpainiaren koordinazio eta zuzendaritza artistikoak sortu du obra. Hartan 20 antzezlek parte hartzen dute. Guztiek Aranguren, Etxauri, Irunberri, Oltza, Orkoien eta Irurtzungo antzerki tailerretan arituak, orain elkarrekin ikuskizuna sortu dute. Izan ere, Angel Sagues Irigoienek zuzendutako lan horren helburuetako bat tailer bakoitzaren esperientzia komunean jartzea da, indarrak bilduz normalean egiten ez den ikuskizun bat eskainiz. Urte batez egon dira antzezleak igandean emanen den obra prestatzen. Horien artean dago Pello Altzueta. Irurtzundarrak azaldu digunez, tailerren tailer horretan herriko 5 hasi ziren baina denbora faltagatik Altzuetak besterik ez du segitu. Larunbatetan entseatzen dute eta dagoeneko bere papera bostetan jokatu du. Bitartean, asteazkenean Irurtzungo tailerrarekin entseatzen segitzen du ere.