Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sarritan esaten dugu Triman Navarra Xota hazi egiten dela talde handi eta ahaltsuen aurrean. Nortasun nafarra omen. Eta ostiralean ere hala gertatu zen, Triman Navarra Xotak 3-1 irabazi baitzion Bartzelona lider ahaltsuari. Anaitasuna bete egin zen partida jarraitzeko eta estadioa betetzen zuten 2.500 pertsonek nekez ahaztuko dute ostiraleko partida. Hasieran Bartzelonak dominatu zuen, baina minutuak aurrera jo zutenean urduritasuna alde batera utzi zuten Imanol Arregiren mutilek eta gutxinaka distantzia txikitzen joan zen. 11. minutuan zelai erditik sekulako jaurtiketa egin zuen Rafa Usinek, eskuadratik Bartzelonako atean sartu zena. Zaleak zur eta lur geratu ziren. Baina minutu bat iraun zuen pozak, Sergio Lozanok bana berdindu baitzuen berehala. Segundo batzuk beranduago Trimaneko Ximbinhak 2-1ekoa ezarri zuen markagailuan, eta horrela despeditu zen lehen zatia. Bigarrenean erasokor atera zen kantxara Bartzelona, baina Trimanek taldea frenatzen jakin zuen. Bi taldeek kontraeraso gogorrak egin zituzten eta gol aukera politak izan zituzten, baina atezainek protagonismo handia izan zuten, geldialdi bikainak eginez. Urduritasunez betetakoak izan ziren azken minutuak, eta partida bukatzeko 54 segundoren faltan Ximbinhak 3-1ekoa ezarri zuen. Ia sinistu ezinik, horrela bukatu zen lehia. "Partida ikaragarria izan da. Anaitasuna beteta zegoen, zaleek modu ikusgarrian animatu dute eta oso pozik gaude. Jokalariak handiak dira oso. Bikain jokatu dute. Hau da Bartzelona bezalako talde handien kontra jokatu behar dugun modua" zioen Imanol Arregi entrenatzaileak, lehia despeditutakoan. Hurrengoa Umacón ZaragozaOhorezko mailan Bartzelonak jarraitzen du lider (34 puntu). Bi puntu ateratzen dizkio El Pozo Murciari. Triman Navarra Xota 4.a da sailkapenean (30 puntu). Asteburuan Zaragozan jokatuko du Trimanek, Umacon Zaragoza taldearen kontra. Umacon sailkapenean 9.a da, 19 punturekin.