Zaragozan galdu eta gero Burelaren kontrako partida prestatzen dago Triman

Guaixe 2013ko otsailaren 4a

Ohorezko mailako goi postuetara hurbiltzeko aukera bikaina alperrik galtzen utzi zuen Triman Navarrak ostiralean Zaragozan. 0-2 irabazten joan eta gero, bigarren zatian Zaragozak buelta eman zion partidari, 5-3 irabaziz eta Imanol Arregiren taldeari puntu gabe utzita. Lehen zatian Irurtzungo taldea nagusitu zen, Carlitos eta Araçari esker aurreratuz, baina bigarren zatian Zaragoza indarbeteta atera zen kantxara. Berehala berdintzea lortu zuten. Gol aukera batzuk ez zituen asmatu Xotak eta, horretaz gain, arbitroak ez zion lana batere erraztu, kontrako 5 falta aginduz eta euren kontrako falta argi bat ikusi gabe. 4-2 aurreratu ziren Zaragozakoak eta 4-3ra gerturatzea lortu zuen ere Irurtzungo taldeak. Baina azken segundotan 5-3koa sartu zuen Zaragozak. Partida bukaeran Imanol Arregi entrenatzailea oso haserre azaldu zen arbitroekin. "Partidak ihes egin digu arbitroek hala nahi izan dutelako. 5 falta txistu egin dizkigute, horietatik 3 barre egiteko modukoak. Gainera, penalty bikoitza, kontrako gola ekarri diguna, falta oso argi baten atzetik etorri da. Hori izan da partidaren gakoa. Ez zait normala iruditzen. Oso zaila da zentratuta egotea arbitroen jokaera horrekin. Oso harrituta nago Zaragozan ikusi dudanarekin" adierazi zuen Arregik partida bukaeran. Bartzelonak jarraitzen du ohorezko mailako lider (37 puntu). Triman Navarra 5. Postura jaitsi da (30 puntu). Larunbatean etxean jokatuko du Irurtzungo taldeak, Anaitasuna pabilioian, 13:00etan, 7 punturekin sailkapenaren behealdean, 13. postuan dagoen Burela taldearen kontra. Ea garaipenaren xenda berreskuratzen duten.