Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
"Estilo aldetik aberatsa da taldea. Bakoitzak bere gustuak ditu, metaleroagoak, poperoagoak. Guztia uztartzen saiatzen gara. Mazedonia". Jule Goñik, taldeko kantariak, Beleixe Irratian (FM 107,3) emandako azalpenak dira. Gaineratu zuenez, adin alde eta talde mistoa izateagatik ere bada "mazedonia" taldea. Gaur Ez-ek joan den urte akaberan argitaratu zuen diskoa (10 kantu eta Ezin egon kantuaren bideoklipa). Julek Beleixe Irratian (FM 107,3) esan zuenez, diskoak taldearen azken bi urteetako lana jasotzen du. 2011ko garagarrilean 4 abesti zituen aurreneko maketa grabatu zuten. Urte bat geroago estudioan sartu eta beste 4 abesti jasota utzi zituzten. Azaroan grabatutako bi kantu gehiagorekin ondu zuten diskoa. Guztiak Iruñeko K estudioan grabatu zituzten, Alberto Porres teknikariarekin. "Maketa guztiak bilduta lan bat kaleratu genezake", otu zitzaien taldekideei. Ideia gauzatuta, oso pozik gelditu dira. "Eta laguntzen dizu, zuk ere zure lana pixka bat serioago hartzen, edo", esan zuen Julek Beleixe Irratian (FM 107,3). Diskoa kaleratzeko auto-ekoizpenaren alde egin du Gaur Ez taldeak. "Musika panorama nola dagoen ikusita, talde gehienak zerbait nahi badute behartuta daude bakoitza bere dirua gastatzera. Gure kasuan hala izan da". Diskoaren banaketa eta promozioa, hala ere, Gor diskoetxeak egiten ari da. Julek dioenez, "izugarriko laguntza da. Toki gehiagotara iris zaitezke". Lana Diskoan ere taldearen izena duen kantua dago jasoa. Julek Beleixe Irratian (FM 107,3) esan duenez, "egun jakin batean zerbaiti aurre egiteko gai ez bazara, bihar behar bada bai". Maitasuna, gizarte arazo gutxi batzuk, batez ere arazo existentzialen inguruan kantatzen dio boskoteak. Bi urte daramatza Julek taldean eta bera da doinuei letra jartzeaz arduratu dena, aurretik Xabik (baxua), Idoiak (gitarra) eta Barukek (kantari ohia) idatziak zituzten beste batzuk. Haiekin batera, Julenek (bateria) eta Alfredok (gitarra) osatzen dute Gaur Ez. Orain kontzerturik ez badute ere, udaberrirako mugitzea espero dute.