Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Mendiari buruzko jarduerak antolatu dituzte Iratxo Mendi Elkarteak eta Aizpea Euskara Taldeak, ostailaren 13tik martxoaren 1era arte. Irurtzungo Iratxo Mendi Elkarteak eta Aizpea Euskara Taldeak, Pikuxar euskal txokoaren eta Irurtzungo Udalaren laguntzarekin, mendiari buruzko jarduerak antolatu dituzte. Aipatu jarduerak asteazkenean hasi ziren, Joseba Arlegi irurtzundarrak Nepali buruz prestatutako argazki erakusketaren mustutzearekin, eta martxoaren 1ean despedituko dira. Izenak dioen bezala eta mendia hizpide hartuta, argazki erakusketak, hitzaldiak, diaporamak eta beste izanen dira jardunaldietan, igandean Ezkabara eginen den mendi ibilbidea barne. Kasu honetan Berriozarreko txoko bereziak eta Ezkaba gotorlekua gertutik ikusteko parada izanen da. Esan bezala, asteazkenean mustu zen, Pikuxar euskal txokoan, Joseba Arlegi mendizale irurtzundarrak "Nepaleko Ekialdea, sherpen herrialdea" izenburupean prestatutako argazki erakusketa. Erakusketa ikusgai dago otsailaren 24ra arte. Horretaz gain, Jotas mendizalea, Eneko Etxebarrieta eta Mikel Zabalza mendizaleek euren lanak ekarriko dituzte Irurtzunera. Mendiari buruzko jarduerak>> Otsailak 17, igandea: Ezkabara mendi irteera (8:30ean Iratxon). Berriozarko udal baratzak, Ezpeleta jauregia Alde Zaharrean, egindako bide eta iturri berriak, Ezkaba gotorlekua, Botillen hilerria, Artika eta Berriozar. >> Otsailak 21, osteguna: Jotas-ek eskainitako diaporama: Erreka-zuloak eta arroilak Reunion Irlan (19:30ean, Pikuxarren). Gaztelaniaz, dohainik. >> Otsailak 26, asteartea: Mikel Zabalzaren diaporama: Encordados (19:30ean, Kultur Etxean). Prezioa: 2 euro. >> Martxoak 1, ostirala: Eneko Etxebarrietaren diaporama: Myanmar irribarreen sorlekua (19:30ean, Iratxon). Euskaraz eta dohainik. >> Otsailaren 13tik 24ra: Joseba Arlegiren argazki erakusketa: Nepaleko Ekialdea, sherpen herrialdea (Pikuxarren).