Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkenaldian denak ziren loreak Triman Navarra Xotarendako baina ostiralean zigor handia jaso zuen Irurtzungo taldeak Inter Movistarrengatik. Madrilgo talde ahaltsuak 8-2 hartu zuen menpean Triman Navarra. Horrela, Inter Movistarrek 3. postuari eutsi dio (37 puntu) eta sailkapenean 5.a da Triman (33 puntu). Madrilgoa ahazteko moduko partida da irurtzundarrendako. Partida hasieratik Interrek Triman itxi zuen, baina bizitzaren paradoxak, Ximbinhak Triman aurreratzea lortu zuen. Hortik aurrera Interrek 2 gol sartu zituen eta Eseverrik jokaldi oso argia huts egin zuen. 2-1arekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian Inter izan zen jaun eta jabe eta nahiz eta Trimanek atezain-jokalariarekin arriskatu, 8-2 gailendu zen Inter Movistar. "Oso partida txarra egin dugu. Ez gara gustura sentitu eta eurek gol aukera oso argiak izan dituzte, aprobetxatu dituztenak. Ez gara ongi aritu" nabarmendu zuen partida bukaeran Imanol Arregi entrenatzaile irurtzundarrak. Bartzelonak jarraitzen du lider (40 puntu). Triman Navarra 5.a da (33 punturekin). Asteburuan ez da ligako partidarik jokatuko, Kopa baitago jokoan. Hortaz, ostiralekoa ahaztu eta Kopan pentsatzen dago Triman. Asteburuan Espainiako Kopa jokatuko dute irurtzundarrekAsteburuan, otsailaren 21etik 24ra jokatuko da Espainiako Areto Futboleko Kopa, Alcalá de Henaresen. Sailkapenean lehen 8 postuetan dauden taldeek jokatuko dute Espainiako Kopa, tartean Triman Navarra Xota, Irurtzungo taldea 5.a baita txapelketan. Trimanekin batera Bartzelona, El Pozo Murcia, Inter Movistar, Santiago Futsal, Caja Segovia, Rios Renovables eta Umacon Zaragoza ariko dira Kopan, bi multzotan banatuta. Triman Navarrak El Pozo Murcia izango du aurkari, ostiralean, 19:00etan. Irabazleak Inter Movistar eta Caja Segoviaren lehiako garailea izango du aurkari.