Triman Navarra Xota: partida bikainak saririk ez

Guaixe 2013ko otsailaren 25a

Triman Navarra Xotak ezin izan zuen El Pozo Murcia talde ahaltsua menpean hartu Espainiako Kopako final laurdenetan. Ikusgarri jokatu zuen Irurtzungo taldeak, bikain, baina ez zuen saririk jaso. "Gola erosten da eta beste guztia entrenatzen da" adierazi zuen Imanol Arregi entrenatzaileak partida eta gero. Izan ere, hor egon zegoen bi taldeen arteko aldea, bi taldeek duten aurrekontuetan, hain zuzen. Xumea Trimanen aurrekontua. Potoloa, diruz betetakoa eta ahaltsua, El Pozorena. Eta alde horrek eman zion garaipena, 3-5, Murtziako taldeari. Talde ahaltsuen kontra aritzerakoan bi premisa bete behar dira: ongi defendatzea eta kontrako atean ongi haztatzea. Lehena ongi bete zuen Triman Navarra Xotak, baina bigarrenean asmatzea falta izan zitzaion. Gol aukera dezente izan zituzten irurtzundarrek, baina barkatu zuten. Eta hor joan zitzaien partida. Trimaneko Victorrek sartu zuen lehen gola, eta hor ikusi genuen talde irurtzundar onena. Baina atsedenaldia baino lehen berdintzea lortu zuen El Pozok. Bigarren zatian Trimanek hainbat gol aukera ez zituen aprobetxatu eta garesti ordaindu zuen, El Pozok bi gol sartu baitzituen jarraian, 1-3 aurreratuz. Rafa Usinek Trimanen bigarrena egin zuen, Triman berriro lehian sartuz, baina pozak gutxi iraun zuen Grellok El Pozoren laugarrena sartu baitzuen. Bukaeran, 3-5 galdu zuen Trimanek. Pena handia, gehiago merezi baitzuten. Imanol Arregi triste zegoen partida galdu eta gero. "Partida ate aurrean izandako diferentziak markatu du. Guri asmatzea falta izan zaigu eta beraiek, aldiz, asmatu dute. Kontentu nago egin dugun jokoarekin, joko ona egin dugulako baina ez galdu izanagatik. Halako txapelketetan ezin da akatsik egin eta guk punteria falta izan dugu. Hor nabaritzen da taldeen arteko aurrekontu ezberdintasuna. Gu oso onak gara, ez dut nire jokalariekin inolako kexarik. Gola erosi egiten da: Miguelin, Wilde, Lozano... halako jokalariak fitxatzearekin konpontzen da. Baina gu Xota gara. Gola erosi egiten da eta beste guztia entrenatu egiten da" adierazi zuen partida bukaeran Arregik. Javi Eseberri kapitainak adierazi zuenez, "El Pozok lau edo bost aldiz du gure aurrekontua. Kopa oso polita da baina talde txikienendako zailagoa". Ligan, berriro El Pozo arerioKopako errebantxa bilatuko du Imanol Arregiren taldeak ostiralean Iruñean, ligan El Pozo izanen baitute aurkari Anaitasuna pabilioian, 20:30ean. Partida konplikatua aurreikusten da, El Pozo Bartzelonaren kontra kopa galtzetik baitator. Gainera, ligan soilik puntu bateko aldea dute Bartzelona liderrak eta El Pozok, eta, beraz, lidergoa dago jokoan. Baina Trimanek ere 5. postuari eutsi nahi dio eta horretarako irabazi beharrean dago. Ea irurtzundarrek merezitako errebantxa hartzen duten.