Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pagoen hosto gorriz osatutako tunel moduko batean aurrera oinez doan pertsona bat. Argazki horixe atera zuen Sokorro Alzueta Labianok Iratiko oihanean. Eta lan horrek Anbar garagardo etxeak antolatutako 8. argazki lehiaketako lehen saria eman dio irurtzundarrari (800 euro). Lehiaketan 1.000 parte-hartzailek aurkeztutako 2.366 argazki neurtu ziren. Hainbeste parte-hartzaileren lanen artean berea aukeratzeak asko poztu du irurtzundarra. Aurretik ere, Iruñean (Pamplona en femenino 2011) eta herriren batean argazki sariak irabazitakoa dela aitortu digu. Internet bidez jasotzen du lehiaketen berri. Betidanik eramaten zuen kamera batera eta bestera. Baina kamera digitalekin zaletu zen. Argazkiak digitalki tratatzea gogoko duen galdetuta ezetz esan digu Altzuetak: "ukitu txikiak, kontraste txikiak, zerbait kendu... baina ez ditut argazki hiper-prozesatuak maite. Artifizialak iruditzen zaizkit. Naturalagoak maite ditut". Gaiei dagokienez, kaleko argazkilaritza, soziala maite du Altzuetak. "Baina kontuz ibili behar duzu jendea erasotua ez sentitzeko". Bestela ere, makroa erabiltzen du eta paisaiak ere hartzen ditu. Ez du sekula bere lanarekin erakusketarik egin, baina sarean ikusgai dago.