Ura pintatuz

Guaixe 2013ko martxoaren 11

Horretan aritu dira Irurtzungo pintura tailerreko kideak Ura Sakanan erakusketa ondu ahal izateko. Ostiraletik eta hilabete akabera bitartean Tahonak eta Pikuxarrek tailerreko 15 egileren margolanak hartu dituzte, jendeak ikus ditzan. Pikuxarren gainera herriko haur margolarien lanen bat ere badago. Joan den urtean erakutsi zuen estreinakoz pintura tailerrak bere lana. Arrakasta ikusita esperientzia errepikatzea erabaki dute. Emakumea gai gisa errepikatu beharrean ura hartu dute. Hala, erakusketan ibaiak, Irurtzungo iturriak eta beste daude ikusgai. Isabel Garcia irakasleak azaldu digunez olioz egindako lanak dira denak. "Batzuk errealistak, inpresionistak besteak, collageren bat ere badago". Tailerreko kide guztien lanik ez dago batzuei bukatzeko betarik ez baitie eman. Dozena bat urte baino gehiagoko historia du Irurtzungo pintura tailerrak. 15 bat dira pintura tekniketan trebatzen ari direnak. Bat ez beste guztiak emakumeak dira. Askok urte mordoa daramate margotzen eta haien eskarmentua eskertuko dute hasi berriak. Sartu irteerak badaude ere, antzeko margolari kopurua biltzen da ikasturtero tailerrean. Maiatzean despedituko da ikastaroa. Asteazkenetan (19:00etatik 20:30era) eta ostiraletan (15:30etik 17:00etara) biltzen segituko dute. Eskarmentu gehien dutenak, gainera, kultur etxean dagoen tailerrera nahi dutenean joaten dira.