Triman Navarra Xotak 3 puntu pilatzeko aukera alferrik galtzen utzi zuen ostiralean. Atsedenaldira 5-1eko errentarekin joan ziren Imanol Arregiren mutilak, baina bigarren zatian berdintzen utzi ziren. 3 puntu eskura izatetik puntu batekin konformatzera pasa ziren. Lehen zatian Triman Navarra izan zen jaun eta jabe. Rafa Usini, Carlitosi (2), Araçari eta Jesulitori esker lasai asko joan ziren atsedenaldira, 5-1 aurreratuta. Baina bigarren zatian, ordea, dena aldatu zen. Irurtzungoak lasaiago aritu ziren, erlaxatuta, eta egoera baliatuz Azkar Lugok hartu zuen baloia mugitzeko ardura. Galiziarrek baloia kontrolatzen hasi eta berehala hasi ziren golak heltzen. Horrela, bostera berdindu zuen Azkar Lugok, eta ia sinistu ezinik, horrela despeditu zen partida. Bukaeran haserre azaldu zen Imanol Arregi entrenatzaile irurtzundarra. "Bigarren zati oso txarra egin dugu eta 2 puntu oso baliotsu galdu ditugu. Oso zaila dugu, orain sailkapenean laugarrenak edo bosgarrenak sailkatzea" zioen Arregik, haserre. Bartzelona da ohorezko mailako liderra 52 unturekin. Triman Navarra 6. postura jaitsi da (38 puntu). Asteburuan 44 punturekin 4.a den Caja Segoviaren kontra jokatuko du Trimanek, Segovian. Arerio zuzena da Caja Segovia, eta ea garaipenaren xenda berreskuratzen duten irurtzundarrek.