Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzungo Iratxo mendi elkartean apirilaren 27ari begira daude, egun horretan abiatuko baita Sakanako 24. Ibilaldi Handia. Aurten bi nobedade inportanterekin dator: batetik, Hiru Baselizak ibilbide luzean, San Migeletik jaitsiera Atatik egingo dute Agiritik beharrean eta, bestetik, ibilbide laburra goitik behera eraldatu dute, Gaztelu-Larrazpil ibilbidea prestatuz. Horretaz gain, lehendabiziko aldiz ordutegi ezberdinean abiatuko dira bi ibilbideak: ibilbide luzea goizeko 6:00etan eta laburra 7:00etan. Erabakia hasieran egoten den pilaketa ekiditeko hartu dute. Proba ez lehiakorra da eta Nafarroako eta Euskal Herriko mendi ibilbideen zirkuituan sartuta dago. NobedadeakAldaketak mendizaleen iradokizunak aintzat hartuta egin dituzte. "Ibilbide luzeko Aralarko jaitsiera Atatik egiten genuen eta azken bizpahiru ediziotan Agiritik egitea erabaki genuen, bertatik pasatzen den GR-20 ibilbidea sustatzeko. Baina atzera ere Atatik jaistea proposatu digutenez, hala egingo dugu" azaldu digute. Bestalde, goitik behera eraldatu dute ibilbide laburra. Lehen ibilbide luzearen antzekoa zen, luzeran laburtuta eta Trinitateko igoera kenduta, eta beranduago Irañetako ibilbidearen hautua hartu zen. "Baina mendizaleek esaten ziguten ibilbide laburra izateko oso luzea eta gogorra zela, 40 km ingurukoa. Horregatik, kasu egitea erabaki dugu eta Gaztelu-Larrazpil izeneko ibilbidea prestatu dugu, oso polita eta laburragoa. Hasieran, Gaztelu igotzen da, gero, Ekaitik jaisten da eta Etxarren eta Itxasperritik barna Madotzera igotzen da, bertatik Larrazpilera joanez. Bi Aizpetatik txikiena inguratzen da, Etxeberrin egin duten ibilbide eta zubira agertuz, eta bertatik Irurtzunera" azaldu digute. Iratxoko Pello Alzuetak, Ramon Dorronsorok eta Alicia Navarrok adierazi dutenez, 800 pertsonendako hornidura prestatuko dute. "Gehiago apuntatzen badira ere ez dago arazorik, edizio batean 1000 pertsona baino gehiago aritu baitziren. Moldatuko ginateke". Euren ustetan jendea eguraldi aurreikuspenetara zain dago inskripzioa egin aurretik. "Iragarpena aste bat lehenago izaten da fidagarria eta, uste dugu, datorren astean inskribatuko dela jende gehiena. Guretako hoberena hori da, jendea aurretik inskribatzea, baina egunean bertan izena emateko aukera ez dugu baztertu" adierazi du Alzuetak. Ohikoa denez, ibilbidea bukatzerakoan diploma eta oroigarria jasoko dute mendizaleek eta mendi materiala zozketatuko da. Gainera, masajea hartzeko aukera izango dute Surya masaje eskolari esker. www.iratxoelkartea.comAurretik izena emateko, apirilaren 24ra arte (10 euro). Bestela, ibilbidearen egunean bertan ere izena emateko aukera izanen da (12 euro). Ibilbide luzea: Hiru baselizak (55,6 km. 3000 m desnibela)6:00etan abiatuta: Irurtzun - Izurdiaga - Urritzola - Gazteluko Lepoa - Txurregi - Iturria (hornidura) - Euskal Herriko Erdigunea (Olibesarioko saroian, N.42º52´59´´.W.1º56´08 koordenada geografikoan) - Uharteko Ataka - San Donato (kontrola) - Aritza - Uharte Arakil (kontrola+hornidura) - San Migel santutegia (kontrola+hornidura) - Madotz (kontrola +hornidura) - Larrazpil - Goldaratz - Kaxerna (hornidura) - Trinitatea - Irurtzun (kontrola+hornidura). Ibilbide laburra: Gaztelu-Larrazpil (31.2 km. 1150 m desnibela)7:00etan abiatuta: Irurtzun - Izurdiaga - Urritzola - Pagadia - Gaztelu - Gaztelu lepoa - Ekaiko pista - Ekai (kontrola+hornidura) - Etxarren - Itxasperri - Madotz (kontrola+hornidura) - Larrazpil - Goldaratzeko bidea - Etxeberriko bidegurutzea - Zubi berria - Irurtzun (kontrola+hornidura).