Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzungo Aurrekontu Parte-hartzaileen taldeak aurrelan baten ondoren adostutako lau proiekturen artean aukeratzeko eskatu die irurtzundarrei. Goiztiarrenek larunbatean bertan eman zuten haien botoa. Hala egin ez duenak, oraindik ere igandera arte du jasotzeko zortzi puntuetako batetik pasa eta bere proposamena uzteko (Tahona, Mª Jesus elikadura, Lorena fruta-denda, Erosle, udaletxea, liburutegia, jubilatu elkartea eta Pikuxar). Babes gehien jasotzen duen proposamena aurtengo udal aurrekontuetan sartu eta gauzatuko da. Joan den urtean ekimen berari jarraituz udalak Bi Aizpetako bidexka konpondu zuen eta oraindik martxan dagoen Espaloiei errespetua. Seinaleei errespetua proiektua garatu zuen. Gainera, aurreko urteko parte-hartze prozesuaren bidez jasotako beste proposamen batzuk ere gauzatu ditu udalak, diru inbertsio handirik eskatzen ez ziolako eta bideragarritasuna zutelako. Horregatik, Aurrekontu Parte-hartzaileen taldetik dei bikoitza egin diete irurtzundarrei. Batetik, proiekturen baten alde botoa ematera animatu dituzte. Eta, bestetik, heldu den urterako aurkeztu daitezkeen proiektuak proposatzeko. Ekarpenak "bideragarriak izatea eta ahalik eta zehatzen adieraztea" eskatu dute soilik.AurrelanaAzaroak 5 Taldea bildu eta 2013ko aurrekontu parte-hartzaileak erabakitzeko, aurrekoetako metodologia bera erabiltzea erabaki zuen: herri-batzarrak, kolektiboekin iritzi trukea...Azaroak 26 Irurtzundar guztiei zabaldutako tailerra. Proposamenen artean lehen aukeraketa egin zen eta horretarako irizpideak izan ziren: bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa edo martxan ez egotea. Proposamen berriak jasotzea erabaki zuten.Abenduak 20 Udaleko 3 taldeekin informazio eta kontraste bilera egin zuten. Proposamenen bideragarritasuna aztertu zuten eta udalak bi proposamen berri egin zituen, bata Atakondoako Guraso Elkartearena. Zerrendan sartu ahal izateko teknikarien ikuskaritzaren zain gelditu ziren proposamen batzuk.Ilbeltza Zeuden zalantza teknikoak argitu eta proposamen aukeratuen zerrenda osatu zen.Otsaila Kolektibo eta bajeretako kideei zerrenda pasa zitzaien hiruzpalau aukeratu zitzaten. 28 eragilek eta bajeretako 273 pertsonek parte hartu zuten.Martxoa Hautatutako proiektuak pixka bat garatu eta irurtzundarren parte hartzea errazteko materiala prestatu zen.Apirila Lau proiektuak dituen esku-orria etxe guztietan banatu da. Bat aukeratu eta aipatutako tokietakoren batean utzi behar da, 20tik 28ra bitartean.Apirilak 29 Paperak jaso, zenbatu eta babes gehien duen proiektuaren berri udalari emanen zaio, aurtengo aurrekontuan sar dezan.ProiektuakMusika eskolan hobekuntzakArtadia eta Ardanzeta kaleetako urbanizazioa egitearekin batera, Kultur Etxeko eta Musika Eskolako sarrerak ere egokitu behar dira. Proiektu horrek Musika eskolako eraikinean hobekuntzak proposatzen ditu: leihoak eta balkoiak aldatzea, euria jasotzeko hodi berriak, eraikuntzaren kanpoko aldea margotzea eta ate nagusia aldatzea. Igerilekuetan hobekuntzak Igerilekuko merenderoa zabaltzen eta hobetzen ari da udala, urtero igerilekuen mantenura bideratzen duen diru-sailarekin. Proposatzen den proiektuaren bidez lehen solairuko aldageletako komunak, zisternak, dutxak... aldatuko lirateke. Eta beheko solairuan haur txikiek eta haien gurasoek erabiltzeko moduan egokituko lirateke komunak eta aldagelak. Igerilekuak zabaldu zirenez geroztik ukitu gabe daude azken horiek. Bizikletaz ibiltzeko guneak Proiektu horren bidez herri barnean eta inguruan bizikletaz ibiltzeko ibilbide bat sortzea proposatzen da. Helburua hiru kilometro pasatxoko zirkuitua osatzea litzateke eta inguru hauek lotuko lituzke: igerilekuko bidea, herriko kaleetako espaloi batzuk, ondoren, beheraka, espaloietan barna Master aldera, industrialdea inguratzen duen bidea jarraituz Matxain aldera iritsi eta industrialde gainaldetik Plazaola hotelerantz hartu eta horrela zirkuitu hasierarekin lotu. Ibilbidea markatzeaz gain, bizikletaz ibiltzeak dituen onuren inguruko informazio-kontzientziatze kanpaina ere eginen litzateke. Atakondoa Eskolako aldagelakHonako hobekuntzak proposatzen dira: iturgintzan, ur beroaren biderapen berria eta egungo ur hotzaren sarearen aldaketa; 16 dutxetako eta 4 komunetako ateak aldatzea hezetasunari aurre egiteko material egokiagoak erabiliz; konketa eta ur pikak dauden tokiaren hobekuntza eta margo lanak, akaberak eta ispiluak eta argi aparailuak.