Salda bero, beroa...

Guaixe 2013ko apirilaren 29a

Salda bero beroa. Hori eskatzen zuten Iratxo mendi elkarteko kideek Sakanako Ibilaldi Handian barna zituzten hornidura guneetara iristen ziren mendizaleak. Izan ere, larunbatean ez zen giro. Mendian elurra, haizea eta hotza ziren nagusi. 540 mendizalek emana zuten izena, aurretik, Sakanako Ibilaldi Handirako eta egunean bertan 159 mendizalek eman zuten izena. Etxean gelditzea erabaki zutenen kopurua kontuan hartuta, azkenean 470 mendizaleek hartu zuten parte Iratxok antolatutako mendi ibilaldi ez lehiakorrean. Egiten zuen neguko eguraldirako ugari. Mendizaleek bi aukera zituzten. Hiru Baselizak, San Donato, San Migel eta Trinitatea baselizak biltzen dituena (55,6 km, 3000 m desnibela), eta aurten goitik behera berritu zuten ibilaldi handia, Gaztelu-Larrazpil (31,2 km. 1150 m desnibela). Ohikoa denez, mendizale gehienek Hiru Baselizen aldeko hautua egin zuten. Goizeko 6:00etan atera ziren Irurtzundik ibilbide luzea osatu behar zuten mendizaleak eta ordu bat beranduago ibilbide motzekoak. Eguraldi txarrari aurpegi onaUharte Arakilgo hornidura gunera heltzen topatu genituen mendizaleak. "Beriaingo tartea oso gaizki dago. Elurra dago baina okerrena, akaso, haizea da. Haizeak gogor astintzen du, haize-boladak handiak dira hor goian eta hotz handia egiten du" zioten salda beroaz barrenak berotzera hurbiltzen ziren mendizaleak. Hala ere, gustuko tokian aldaparik ez, eta aurrera jarraitzen zuten gehienek, Aralarko San Migelerantz. "Goizeko 9:30ean iritsi da lehena, eta fresko-fresko. Harrigarria da" zioen Uharte Arakilgo hornidura gunean lanean zebilen Blanca Ilundainek. 50 boluntario aritu ziren lanean egunean barna, bi ibildeetako hornidura guneetan. 150 mendizaleek ibilbide laburra aukeratu zuten. Aurten ibilbide berria estreinatu zuten, askoz ere laburragoa "mendizaleek proposatutakoari kasu eginez" Iratxotik azaldu zuten bezala. Gaztelu igo ondoren, Ekaitik jaitsi, Etxarrenera heldu eta Egiarretako Itxasperritik pasa ondoren, Larrazpil igo zuten, Madotzetik. Goldaratzetik segiz, Etxeberriko zubi berritik jaitsi eta bertatik Irurtzunera heldu ziren. Bukaeran, Irurtzungo helmugan, diploma eta oroigarria jaso zuten mendizaleek, eta Surya masaje eskolako kideek masajea eskaini zieten bustita eta nekatuta iritsi ziren mendizaleei. Hurrengo urtean Sakanako Ibilaldi Handiak 25 urte beteko ditu eta antolatzaileek "zerbait diferentea" antolatzeko asmoa dute. www.iratxoelkartea.comSakanako Ibilaldi Handiaren informazio guztia.