Play offetan, Trimanek Inter Movistar arerio

Guaixe 2013ko maiatzaren 6a

Ohorezko mailako ligako azken partidan, Triman Navarra Xotak 8-5 irabazi zion Marfil Santa Colomari. Imanol Arregiren mutilek sekulako ikuskizuna eskaini zieten Anaitasuna pabilioian ligako azken partidaz gozatzera hurbildu ziren zaleei. Javi Eseberri kapitainak 3 gol sartu zituen, hat-tricka eginez, eta horretaz gain Alexek, Jesulitok (2) eta Rafa Usinek (2) egin zituzten Irurtzungo taldeko gainontzeko golak. Partida hasi eta 5 minututara bina berdinduta zeuden Triman eta Marfil. Erasoak bata bestearen atzetik etorri ziren eta bi taldeetako atezainek lan handia egin behar izan zuten. Marfil aurreratu zen baina Trimanek berriro ere hirura berdindu zuen. Segidan, Triman izan zen laura aurreratu zena, baina Marfilek ere berdintzea lortu zuen. Lehen zatiko azken jokaldian Eseverrik 5-4 aurreratu zuen Irurtzungo taldea. Bigarren zatian erasoek jarraitu zuten. Marfilek bosgarren gola sartu zuen, berdinduz, baina hortik aurrera irurtzundarren festa iritsi zen, 8-5 gailendu baitziren Imanolen mutilak. Inter Movistar, arerio latzaLiga erregularra bukatuta, orain liga titulua jokatzeko play offak hasiko dira. Ligan lehen 8 postuetan sailkatu diren taldeak ariko dira play offetan: Bartzelona (65 puntu), El Pozo Murcia (59 p.), Inter Movistar (57 p.), Caja Segovia (53 p.), Umacon Zaragoza (47 p.), Triman Navarra (45 p.), Santiago Futsal (43 p.) eta Rios Renovables (36 p.). Hortaz, Nafarroako bi taldeak ariko dira. Play offetako final laurdenetako joaneko partidak maiatzaren 17an jokatuko dira, itzulerako partidak 25ean, eta berdinketa hausteko 3. partidak jokatu behar badira, maiatzaren 26an. Finalerdietako joanekoak ekainaren 1ean jokatuko dira eta itzulerakoak 2an. Hirugarren partida jokatu behar bada, ekainaren 8an. Eta final handia 5 partidetara jokatuko da, ekainaren 11n, 15ean, 16an, 22an, eta 23an. Triman Navarra Xotaren arerioa, final laurdenetan, Inter Movistar taldea izango da. Bartzelonak Rios Renovables izango du aurkari, El Pozo Murciak Santiago Futsal eta Caja Segoviak Umacon Zaragoza. Inter Movistar arerio latza da Trimanendako, baina Irurtzungo taldea hazi egiten da arerio ahaltsuen kontra. Imanol Arregik bi aste ditu lehia prestatzeko eta ea ahalik eta freskoen eta hoberen iristen diren partidara.