Hondakin bilketari buruzko informazio kanpaina eginen da

Guaixe 2013ko maiatzaren 17a

Sakanako Mankomunitateak hondakinak biltzeko sistema berria ezarriko du aurten eta hura herri bakoitzaren beharretara egokitzen ari da. Hondakinen bilketa sistema berria nola ezarri aztertzeko Irurtzungo Udala atzo bildu zen eta luzamendu bat eskatzea adostu zuten. Udalak adostutakoaren arabera sei hilabete gehiago egonen dira edukiontziak herriko kaleetan. Aldi berean, Mank-ek informazio kanpaina garatuko du sustatu nahi duen sistema mistoaren inguruan argibideak emateko. Gainera, hurrengo udal bilkuran herri galdeketaren inguruan ariko da udala, data zehazteko. Akordioaren kopiak etxeetara banatuko ditu udalak.Sakanako gainontzeko herrietan egin duen moduan, Mank-ek ahalik eta materia organiko gehien konposta bihurtzea nahi luke, herrietan kudeatuz bestelako kudeaketarik ordaindu beharko ez litzatekeelako. Horren inguruko informazioa eta gehiago zabalduko du Mank-ek Irurtzunen. Gainera, auzo-konposta egiteko dozena bat etxola jartzea aurreikusi dute. SinadurakMartxoko bi asteetan atez ateko hondakin bilketa sistemaren kontrako sinadurak jaso zituzten Irurtzunen. Sustatzaileek 700 herritarren baino gehiagoren sinadurak jaso zituzten. Baina nortasun agiriak falta zituztenez, baliagarriak 600 besterik ez ziren izan. Sinadura bilketa sustatu zutenetako batek Diario de Navarrari adierazi zionez, Mank-en sistema "garestia da, pertzak zintzilik uzteak irudi txarra ematen du eta pribatutasuna urratzen du".