ITBk gaur lehen saioa emanen du

Guaixe 2013ko maiatzaren 17a

Irurtzun Telebistaren (ITB) aurreneko emanaldia gaur arratsaldean (19:00ak aldera edo) ikusgai izanen da Aizpea euskara taldearen blogean. Irurtzuni buruzko 15 minutuko albistegi batekin abiatuko du bere emanaldiak egitasmo berriak. Baina ordura arte itxaron ezin duenak blogean saioaren aurkezpena ikusteko aukera du dagoeneko. Kamera aurrean Martina (Lorena Arangoa) eta Lore (Aitziber Iragi) jarriko dira eta arlo teknikoaz Itziar Matxain eta Urko Mauduit arduratu dira. Kultur etxea telebista plato bihurtu zuten eta hura egokitzen Aritz Viñas aritu zen. Mauduitek azaldu digunez, lan taldea ateak zabalik ditu, bai egindako edukiak jasotzeko, baita ITBn lanera sartzera nahi dutenendako ere. Eskertu ere eginen dute.  IragarkiakSaioak zein maiztasun izanen duen ez digute argitu, lan taldearen indarrak zehaztuko baitu. Hori bai, teknikariak azaldu digunez, saioaren ekoizpenak sortzen dituen gastuei aurre egiteko iragarle bila hasiko dira. Horrela saioa autofinantzatzea nahi dute. ITB Aizpea euskara taldearen kezka baten ondorioz sortu da. Ikus-entzunezkoek gazteen artean duten garrantzia ikusita arlo horretan zerbait egitea bururatu zitzaien. Arlo horretan arituak ziren irurtzundarrekin bildu ondoren egin du aurrera egitasmoak.