Makinariaren bila etortzen direnean, gurekin topatuko dira

Guaixe 2013ko maiatzaren 20a

Makinaria Inasan dagoen bitartean aukerak daudela uste dute langileek. Astelehenean Inasako makinariaren zati bat saldu zuen Baikap-ek (Bavaria Industrial Kapital AG), baina aurretik inbertitzaile atzerritar bat Inasa erosteko nahiarekin aurkeztu zen. Berandu zela esan zioten Sindicaturatik. Makinariaren salmentan atzera egin zitekeen edo ez zalantzak daude; abokatuek iritzi kontrajarriak dituzte. Hortaz, zenbait langile etsi diren arren, beste hainbatek "egun zailak eta garrantzitsuak" datozela azaldu zuten igandean egindako manifestazioan. Makinaria lantokian dagoen bitartean itxaropena dagoela diote. Horregatik, makinak hartzeko etortzen direnean jende harresia topatuko dutela argi utzi zuten. "Hau esan nahi diegu: etortzen direnean, herriarekin topatuko dira". Beraz, makinariaren bila joaten direnean jendea animatu dute Inasaren sarreran egingo duten harresian parte hartzeko. Herriaren eta Sakanaren etorkizuna jokoan dagoela gaineratu zuten.