Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Play off-etako final laurdenetako joaneko partida jokatu zuten, ostiralean, Triman Navarra Xotak eta Inter Movistarrek. Kantxa faktorea alde zutela eta Anaitasunan bildutako 2.700 zaleen laguntzarekin, irabazten hasi zen Imanol Arregik zuzentzen duen taldea. Carlitosek gola sartu zuen eta pozik jarri ziren zaleak. Baina segituan partidako jokaldirik polemikoena gertatu zen: Trimaneko Eseverri kapitaina lurrera erori zen Interren falta gogor baten ondorioz eta, lesionatuta, partida utzi behar izan zuen. Arbitroak ez zuen faltarik adierazi eta haserretu egin zen Anaitasuna. Gainera, Interrek berdindu zuen. Atsedenaldia baino lehen, antzekoa gertatu zen. Ximbinhak bigarrena sartu eta Interrek berdindu zuen. Bigarren zatian bi taldeek gogoz estutu zuten eta Trimanek 4-2 aurreratzea lortu zuen Rafa Usini eta Roberto Martili esker. Bi minuturen faltan bazirudien garaipena etxean geratuko zela, baina Inter Movistar ohorezko mailako oilarretako bat da, talde ahaltsua, liga titulu gehien duen taldea, eta inoiz ez da fidatu behar berarekin. Bi minuturen faltan 4-3koa sartu zuen Gadeiak eta partida bukatzeko bederatzi segundoren faltan, launako berdinketa lortu zuen Borrutok. Horrela, berdinketa hausteko 5 minutuko tarteari ekin zioten bi taldeek. Bi taldeek atezain-jokalari formula erabili zuten. Trimanek aukera oso garbiak izan zituen, baina, tamalez, Interreko Alvarok lortu zuen Trimanen atea zulatzea, madrildarrak 4-5 gailenduz. Trimaneko jokalariak malkoak zituztela bukatu zuten, azken unean galtzearen inpotentziarekin. Imanol Arregi triste azaldu zen galdu izanagatik eta arbitroen portaera kritikatu zuen. "Arbitroak ez dira ongi egon baina hori ez da gauza berria, denboraldiko bigarren zati guztia horrela eman baitugu" azaldu zuen. Bestetik, jokalariek egindako lanagatik kontentu azaldu zen. "Harro nago jokalariek egin duten lanarengatik, pistan hustu direlako" gaineratu zuen. Orain, buelta emateraOso zail jarri zaizkio gauzak Irurtzungo taldeari. Larunbatean Madrilen jokatuko den itzulerako partida irabazi beharko du (Marca TV kateak emanen du zuzenean, 13:00etan) eta berdinketa hausteko 3. partida behartu, igandean Madrilen jokatuko litzatekeena, 13:00etan. Oso zaila da, baina ez ezinezkoa. "Alcalá de Henaresera garaipena lortzera joango gara, gure buruan ez bagenuke sinistuko ez ginatekeelako ere kantxara aterako" nabarmendu du Imanol Arregik. Aste guztia dute aurretik itzulerako partida prestatzeko. Ea sorpresa eman eta Inter menpean hartzen duten, ametsak batzutan betetzen direlako.