21. Irurtzungo Pilota Txapelketa-Lacturale: Txapelak ez dira Sakanan gelditu

Guaixe 2013ko maiatzaren 27a

Larunbatean 21. Irurtzungo Pilota Txapelketa-Lacturale lehiaketako finalak jokatu ziren. Irurtzungo Pilota Klubak antolatutako txapelketa honetan 150 pilotari baino gehiago lehiatu dira eta kalitate eta emozio handiko partidez gozatzeko aukera izan da. Finalean ere partida bizietaz gozatzeko aukera izan zen eta ongi pasatu zuten Irurtzungo Bi Aizpe pilotalekuan bildu ziren pilotazaleak. Tamalez, aurten txapelak ez dira Sakanan gelditu. Helduetan Usurbilgo Santxok eta Urruzolak 13 tantotan utzi zituzten Irurtzun klubeko Ezkurdia eta Irañeta. Santxo izan zen partidako onena. Gazteetan Erreka taldean dabilen Bakaikoa etxarriarrak eta Mariezkurrenak galdu egin zuten, 22-19, Uharte Iruñeko Espinalen eta Sarasaren kontra, finaletako partida gogorrenean. Beste batean izango da. Sari ematean Nafarroako Pilota Federazioko arduradunak, Irurtzungo klubetako kideak eta Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta pilotari profesionalak egon ziren, Irurtzungo alkate Txiki Iriarte eta beste hainbat pertsonen artean. Ekitaldia Irurtzungo Klubari oso lotuta egon diren Alfredo Sarasola "Canchero" eta Domingo Nagore omentzeko baliatu zuten. "Urte askotan lan handia egin dute Irurtzunen pilota sustatzeko eta omenaldia merezi dute" adierazi zigun klubeko kide Migeltxo Berazak. Frontoi baten itxura duen oroigarria jaso zuten. FinalakUmeak: Laso - Azpiroz (Irurtzun) 9 / Albeniz - Unanue (Añorga) 16Kimuak: Zabaltza - Igoa (Ardoi) 15 / Oskoz - Cuairan (Oberena) 18Haurrak: Aranguren - Zubeldia (Zazpi - Iturri) 11 / Salaberria - Mariezkurrena (Erreka) 18Kadeteak: Okiñena - Irurita (Oberena) 18 / Marcos - Aizpuru (Titin) 12Gazteak: Espinal - Sarasa (Huarte) 22 / Bakaikoa - Mariezkurrena (Erreka) 19Helduak: Ezkurdia - Irañeta (Irurtzun) 13 / Santxo - Urruzola (Usurbil) 22