Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Despeditu da denboraldia Irurtzungo Triman Navarra Xotarendako. Areto futboleko ohorezko mailako liga erregularrean 6. postuan sailkatu zen Triman, 45 punturekin, eta titulua erabakitzeko play off-etarako sailkatu zen Imanol Arregik zuzentzen duen taldea. Play off-etako final laurdenetan Inter Movistar taldea ahaltsuaren kontra aritzea tokatu zitzaion Trimani eta joanekoan irabaztear egon zen Triman, baina partida bukatzeko 2 minuturen faltan berdintzea lortu zuen Inter Movistarrek, eta luzapenean gola sartu zuten madrildarrek, 5-4 irabaziz. Larunbatean itzulerako partida jokatu zen eta egoera berbera errepikatu zen. Triman Navarra Xotak sekulako partida jokatu zuen eta berdintzea lortu zuen. Luzapenean, baina, madrildarrek lortu zuten irabaztea, 5-4 gailenduz. Triman play off-etatik kanpo geratu da, baina Imanol Arregi kontentu dago bere jokalariek egindako lanarekin. Orain hurrengo denboraldia prestatzen hasi beharko da Tatono Arregi presidentea duen Triman Navarra Xotak. "Gauza oso konplikatua dago, ea hurrengo denboraldian hemen jarraitzea dugun" adierazi zuen Arregik. Ohorezko mailan jarraitzea bada, beraz, nahikoa sari.