Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Mank-ek eta udalak sinatu dute, Nafarroako eta Europako legeria betetzeko egungo %25 birziklatze eskasetik %70-80ra pasatzekoHilaren 20an Txiki Iriarte alkateak eta Aitor Karasatorre presidenteak akordioa sinatu zuten. Irurtzungo Udalak eskatuta, Sakanako Mankomunitateak hurrengo sei hilabeteetan ez du etxez etxeko gaikako bilketa eredu berria ezarriko. "Irurtzundarrek birziklatze tasa handitzeko helburuarekin duten adostasun eta konpromiso maila neurtu" behar dela adierazi dute aldeek. Hala ere, "helburu hori ukaezina dela" baloratu dute. Horretarako, informazioa eta gaikako bilketa ahalik eta hondakin mota gehienetara zabaltzea ezinbesteko ikusten dute. Irirartek eta Karasatorrek adostutakoaren arabera, hondakinen tasa ordaintzen duten irurtzundarrek aurki hiztegi bat jasoko dute. Hartan hondakin bakoitza non utzi behar den azaltzen da. Edukiontzi grisa aipatzen du hiztegiak, baina Irurtzunen halakorik ez dagoenez, hondakin horiek berdera bota beharko dira. Bestalde, materia organikoa zergatik bereizi behar den azaltzeko kanpaina eginen da etxebizitza guztietan. Bi aukera emanen zaizkie: etxeko edo auzo konposta egitea. Udaletik eta Mank-etik diotenez, sistema horrek hondakinen bilketa eta tratamenduan kostuak aurrezteko balio du. Mank, bestalde, ahalik eta irurtzundar gehienen esku 4 metro kubikoko auzo-konpostagailuak uzteko konpromisoa hartu du, "etxebizitza guztietatik ahalik eta hurbilen egon daitezen". Gainera, %15eko hobaria izanen dute. Sinatzaileen iritziz, "bi aukerak borondatezkoak dira, baina nahitaezkoak ezarritako helburuak lortzeko". GaldeketaIrurtzunen edukiontzi berdeak, horiak eta urdinak jarraituko dute. Mank-ek aparte bildu eta jasotakoa pisatu eginen du. Mank-ek datu horien berri hilero emanen dio udalari. Baita konpostaren alde egin duten familien kopuruarena ere. Mank-ek, bestalde, dendariei eta ostalariei hondakinak gaika biltzeko aukera eskainiko die. Horrekin batera, industrialdeetako edukiontziak kenduko ditu eta enpresei emanen zaizkie, hondakinak gaika bil ditzaten. Sei hilabeteren ondoren emaitzak baloratzeko bilduko dira aldeak. Orduan egoki jotzen diren erabakiak hartuko dira. Hitzartutakoaren arabera, eredu berria ezartzen bada, Irurtzungo Udalak aukera izanen du hari buruzko herri-kontsulta egiteko. Udalak galdeketako galdera anbiguetaterik gabekoa izateko konpromisoa hartu du; bai, ez edo txuri erantzuteko aukera izanen da.