Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzungo alkate Txiki Iriarte, udaleko alderdi guztien izenean, babesa eta elkartasuna azaldu die Inasako langile ohiei, "enpresa berpizteko alternatiba bila ahalegin izugarria egiten ari dira". Inbertitzaileak azaldutako interesa gauzatzeko egin beharreko guztia egiteko prest azaldu da alkatetza, udalaren izenean. Iriartek Baikapi inbertitzailearekin mahaian esertzea eta haren proposamena entzutea eskatu dio. Izan ere, alkatearen iritziz, beste edozeren gainetik enpleguaren mantentzea da lehentasuna.Udalaren iritziz, Inasaren egungo egoeraren ardura Baikap enpresaena da. "Hartzekodunen lehiaketan egonda ere, barkaezina litzateke enpresa eskuratzeko inbertitzaileak egindako eskaerak ez erantzutea", esan du Iriartek. Udala ere merkataritza-arloko epaitegiari eta hartzekodunen lehiaketako administratzaileei ere zuzendu zaie, "legezkoak diren ahalegin guztiak" egin ditzaten enpresaren desegitea zuhurtziaz indargabe uzteko. Udalak "zentzua eta langileendako, Irurtzungo eta Sakanako interes onena bilatzea" eskatu du, "hartzekodunen zorrak ordaintzeaz ahaztu gabe". Irurtzungo alkateak gaiak ukitutako guztiak eseri eta inbertitzailearen proposamena eztabaidatu ahal izateko bere esku dagoen guztia egiteko prest azaldu da.