Hala dio Bavaria Industrie Kapital Agk, Baikap-ek zabaldu duen ohar batek. Baicap-en arabera joan den urtean bere asmoa "lanpostua epe luzera bermatzea" izan zen, "historikoki galerak dituen enpresa bat ez baita enplegurako inolako bermerik". Enplegua bermatzeko langileen soldatak metalgintzako hitzarmen kolektibora moldatu beharra zeudela ziurtatu du enpresak. "Baina ez zen onartu eta orain hartzekodunei ordaintzea besterik ez da gelditzen. Hori blokeatzen saiatzen ari dira azken asteetan zenbait langile ohi eta LAB sindikatua". Baikap-ek ziurtatu du inoiz ez duela espekulatu, baizik eta epe luzera lantegiaren jasangarritasuna bermatuko lukeen berrantolaketa egiten saiatu zela, "irabazietara bueltatuz, pilatutako zorra ordaintzeko". Baikapen arabera, asmo hori "LABek eta beste talde batzuk eragotzi zuten, agian lan erreformaren kontrako borroka bulkatzeko estrategia baten zati gisa. Enpresaren eta haien langileen interesak helburu politiko horren menpe jarri ziren".