Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aukera guztiak aztertzeko 15 egun dituzte aldeek. Inbertitzaile ingelesaren ordezkariak, Grant Thorton, eguerdian proposamena aurkeztuko diote Nafarroako Gobernuari eta langileekin arratsaldean bilduko dira Merkataritza-arloko epaileak Inasako makinariaren salmentako betearazte-autoa 15 egunez zuhurtziaz indar gabe utzi du, langileek hala eskatuta. Hartzekodunen prozesuan dagoen enpresa batean halakorik estatuan egiten den aurreneko aldia da. Epaileak kontuan izan du inbertitzaile ingeles batek interesa azaldu duela, horrek Baikapek proposatzen dituen 13 lanpostuak baino gehiago sortuko lituzkeenez, geldiarazi egin du makineriaren salmenta. Gainera, inbertitzaile ingelesaren ordezkariak etorri dira epailearekin, zuzendaritzarekin, hartzekodunen prozesuko administratzaileekin hitz egitera. Ate hori zabaltzeko lan egin duten langile ohi eta LAB sindikatuko kideak esker oneko hitzak izan dituzte lorpen horretan lagundu dituzten herritar guztiak. Azken hilean administrazioak bakarrik utzi dituela salatu dute. Makineria salmentaren geldiaraztea egindako mobilizazio eta presio politikoaren fruitu izan dela ziurtatu dute. Gauza bera duela hilabete lortu zitekeela salatu dute, "eta hemen kontzentratutakoen osotasuna arriskuan jartzea eragotziko genuke". Agerraldian esan dutenez, hartzekodunen prozesuko administratzaileek eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek aitortu diete "joan den urteko garagarzaroan sinatutako Enplegu Erregulazio Espedientea Inasa berriro zabaltzeko zama handia" izan dela. Horregatik esan dute: "gaur sindikalgintza arduratsua da lantegiko atean dagoena, herritarren babesa bilatzen duena eta gure industria-ehunarekin espekulatu nahi dutenei aurre egiten diena". Hala erantzun zieten bezperan UPNk eta PPk Parlamentuan "zentzuzko sindikalgintzaren alde" egindako aldarriei. EskaerakBorrokan dauden langileak eta LABeko kideek Inasarendako "konponbide erreala" lortu arte jarraituko dutela adierazi dute. Lourdes Goikoetxea lehendakariordeari eskatu diote bere eragiteko botere guztia erabil dezala. "Bere egitekoa eta beharra gai honetan bustitzea da, Irurtzunek eta Sakanak dugun enpresa aktibo garrantzitsuena gal ez dezagun". Baikap-en (Bavaria Industrial Kapital AG) Inasako kudeatzaile Santiago Gonzalez Berganzonesi adierazi diote gaur duela aukera inbertitzaileekin bildu, haien proposamenak aztertu eta lantegiaren jarraipena errazteko. "Orain arte negoziatzeari eta edozein inbertitzailerekin hitz egiteari uko egin dio. Jaun hori Inasa itxi eta bere berrirekiera eragoztera etorri zen". Hartzekodunen prozesuko administratzaileek eta Nafarroako Gobernuak Baikap-i presio egiteko eskatu dute. Hala ere, mobilizazioekin segitu beharra nabarmendu dute. Azkenik, eskatu dute Inasakoak ez diren langileak lantegian sartzea eragozteko, esaterako makinariaren lote bat 3,1 milioi eurotan Bridgnorth Aluminium Limited erosi duen enpresako langileak. Izan ere, haietako 20 bat makineria ateratzeko lanak egiten ari dira eta hori eragozteko hesiak jarri zituzten atearen aurrean atzo. Guardia Zibilari epailearen autoa erakutsi eta britainarren langileak 15 egunetarako alde eginen zuten, lau auto errebisatuak izan ondoren. Langileek adierazi dute zilegitasuna dutela "lantegiaren etorkizuna arriskuan jartzen duen edozein ekintza gelditzeko".