Irurtzungo Xotak babeslea behar du

Guaixe 2013ko ekainaren 17a

Tatono Arregi irurtzundarrak zuzentzen duen klubean babesle berriak lortzeko lanetan murgilduak daude buru-belarri. Izan ere, Trimanek Xotako babesle nagusi izateari utziko dio, 3 urteko hitzarmenaren ondorioz. "Hiru urte iraun dituen elkarlanaren ondoren Trimanek Xotako babesle nagusia izateari utziko dio. Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu Trimani eman diguten babesarengatik. Gero arte esan digute, baina gure bideak berriro ere elkartuko dira" adierazi du Xotako presidente Tatono Arregik. Horrela, babesle berriak lortzeko lanetan dabiltza Irurtzungo klubean. Bigarren mailako babesle ugari ditu Xotak, baina babesle nagusia edo inportanteena lotzea falta zaie, klubaren izen berria izango dena. "Proiektuak aurrera egingo duenaren ziurtasun osoa dugu. Kluba berrindartuta aterako da eta ziurrenik uztailak izen berri bat ekarriko digu. Lanean gaude" gaineratu zuen Arregik. Plantillari dagokionez, Ximbinha eta Araçaren bajak asko nabarituko ditu Tatonoren anaia Imanol Arregik zuzentzen duen taldeak. Bi jokalariei kontratua bukatzen zaie eta Xotak ezin die eskaintzarik egin, babesle berria lotu arte, bederen. Rafa Usini urte bateko kontratua geratzen zaio eta bere atzetik hainbat klub daude. Kasu guztietan Xotak gainontzeko taldeek egin ahal dituzten diru eskaintzak berdintzeko aukera du. Bestetik, Xotan Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak zor dien diru laguntza kobratzeko zain daude. 90.000 euro inguru dira, eta, tartean, Areto Futboleko Liga Nazionala ordaindu beharrean dago Xota.