Langile ohiek Inasaren alde bustitzeko eskatu dute

Guaixe 2013ko ekainaren 28a

Bihar, larunbata, 12:00etan Inasako atetik abiatuko da manifestazioa. Plazan, mosaiko handi bat eginez, bukatuko daOstiralean ezagutu zuten Inasako langile ohiek inbertitzaile ingelesak lantegia eskuratzeko egindako proposamena. Izan ere, duela bi asteko bisitan negozio aukera ikusi eta enpresa eskuratzea erabaki du. Zorren zati handiago bat bere gain hartu eta lantegia martxan jartzeko inbertsioa eginen luke. Langile ohien artean poz eta kezka sentipen nahasiak sortu ziren. Poza Fernando Carrionek esan zigun moduan, "proposamen serioa delako eta aukera bat dagoelako". Eta kezka, egitasmoa gauzatzea zaila delako. "Baina horren alde borrokatzea besterik ez dugu" gaineratu du Carrionek.  Proposamenaren berri izan bezain laster Inasako langile ohiek Merkataritza-arloko epailearengana jo zuten eta enpresako makinariaren salmentako betearazte-autoa zuhurtziaz indar gabe uzteko erabakia luzatzea eskatu zuten. Izan ere, 15 eguneko epea gaur despeditzen da. Halakorik gertatuko ez balitz astelehenetik aurrera duela bi aste bezala egonen lirateke langileak. Hartzekodunen lehiaketako epaileak eta administratzaileak hartu beharko dute erabakia. EskaerakInasa desegiteko arriskua oraindik dagoenez, langile ohiek Nafarroako Gobernuari eta hartzekodunen lehiaketako administratzaileari konponbidearen alde bustitzeko eskatu diete. Heldu den astean haien biltzekoak dira langile ohiak. Bestalde, Bavaria Industrial Kapital AGk (Baikap) eta Santiago Gonzalez Berganzonesek orain arte negoziatzeko edo lantegia uzteko izan duten borondate eskasa salatu dute langile ohiek. Jarrera aldatzeko eskaera egin zioten. Gogorarazi zuten Inasa 60.000 euro ingurugatik eskuratu zutela eta urte eta erdian 1,5 milioi eskuratu zituztela. ManifestazioaInasa aurrera! lelopean manifestazioa eginen da bihar eguerdian. Carrionek esan duenez bai sakandarren bai nafarren inplikazioa, denena, ezinbestekoa da. Deialdia Sakanako udal guztiek eta kirol, kultura eta sindikatu arloko eragileek babestu dute.