Akabo Inasa

Guaixe 2013ko ira. 6a, 20:10

Bavaria Industrial Kapital AG-ek (Baikap) esku artean zuen jostailua hautsi du. Nahita. Santiago Gonzalez Berganzonesek bere helburua lortu du, Inasa ixtea. Hori da azken unera arte Irurtzungo enpresan industria jarduera egotearen alde aritutako langileek eta herritarrek pentsatzen dutena. 150 langile eta jarduera ekonomikoa egon zitezkeen tokian 10 bat besterik ez daude, beste tokietatik Baikap-ek ekarritako aluminioa komertzializatzen aritzen direnak.

Langile horiek beraiek epaileari jakinarazi izan diote han ez dela inolako jarduera komertzialik. Langile eta herritar askoren ustea da enpresa aurki likidatuko dutela eta ez dela ezer geldituko. "Itxiera kontrolatua" eginen luke horrela Baikap-ek.

Borroka luzea
Inasan industria jarduera mantentzeko langile eta herritarrek urte bat baino gehiago aritu dira borrokan. Garagarrilean guztia galdua zegoela zirudienean esperantza izpi bat sortu zen. Enpresaren hartzekodunen konkurtsoa kudeatzen duen administratzaileak onartu egin zuen langileen eskaera eta makineriaren salmenta 15 egunez eten zuen, eskaera bat aurkezteko aukera emateko.

Epearen akaberan aurkeztu zuen eskaintza Gryphus Parthers inbertsiogileak: euro baten truke Inasa erosi eta horrekin batera enpresak pilatutako zor guztia ordaintzea. Eskaintzak erreakzioak sorrarazi zituen. Baikap-ek, lehenik, 15 eguneko etenaren kontra jo zuen. Eta, ondoren, inbertsiogilearen fidagarritasunaren inguruan zalantzak zabaldu zituen. Bestetik, makinariaren lote bat 3,1 milioi eurotan erosi zuen Bridgnorth Aluminium Limited-ek Inasa hustu eta makinak ateratzeko bermea eskatu zuen.

Hamabostaldia pasa ondoren, inbertsiogileak bere eskaintza loteslea aurkeztu zuen epaitegian. Nafarroako Gobernuak Gryphus Parthers harremanetan izan zen eta jende serioa eta babesa zutela ikusi zuen.

Oztopoa
Inbertsiogilea egonda ere oztopo bat zegoen: Inasako makineriaren bi lote salduak zituen ordurako Baikap-ek. Makinarik gabeko enpresa bat erosteak ez luke zentzurik izanen. Eta hartzekodunen lehiaketako kudeatzaileak bermea eskatzen zuen: salmenta eten ondoren inbertsiogileak atzera egiten badu, zeinek ordainduko du? Langileak Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri ziren hark tresneria erosteko abala aurkez zezan eskatuz. Baina Sunsundeguiko esperientzia ez errepikatzea erabaki zuten gobernuan.

Hori ikusita Inasako langileek, agorrilaren 13an Iruñeko Merkataritza arloko Epaitegian helegitea aurkeztu zuten: "lanpostuak mantenduko dituen eta zor guztia ordainduko duen eskaintza bat badago. Bridgnorth-en eskaintzak ez du lanposturik sortzen eta ez du zor guztiak ordaintzeko balio. Beraz, makinariaren salmenta kontratua etea eskatzen dugu. Dugun aukera bakarra da".

Antzeko eskaera luzatu zioten hartzekodunen lehiaketako administratzaileei, "jarrera pasiboa baztertzeko" eskaerarekin batera. Helegitea ebazten zen bitartean langile eta herritarrek herri harresia egitera deitu zuten, erosle ingelesek makineria atera ez zezaten.

Agorrilaren 14an, Goizetik elkartu ziren Inasako atean langile eta herritarrak. Eta haiekin batera Guardia Zibilaren lau patruila (15:00etan 15 ziren). 7:00etan, agenteak babestuta erosle ingelesek bidalitako hiru kamioi eta dozena bat langile sartu ziren enpresan makineria hartu eta lantegia husteko. Eguerdian emandako prentsaurrekoaren ondoren, 12:40an, lantegiaren hustutzea saihesteko azken ahalegin batean harresiko kide batzuk lantegian sartzea lortu zuten eta baskula parean eserialdia egitea erabaki zuten.

Guardia zibilak gogor jo zuten haien kontra. Identifikazioak, agintaritzari jarkitzearen salaketak, isunak, kolpeak, zaurituak... izan ziren. 14:00etan bukatu zen langileen borroka. Eta orduan deitu zuen epaileak, helegitearen kontrako epaia eman zuela jakinarazteko.

Arratsaldean Irurtzunen manifestazioa jendetsua egin zen. Hala bukatu zen Inasaren aldeko borroka. Etsita, bakarrik borrokatu izanaren sentipena nagusitu zen langile eta herritarren artean. Hurrengo egunetan Guardia Zibilak babestuta Inasatik kamioiak ateratzen segitu zuten.

Salmentaz
Joan den urtean Baikap-en eta langileen artean lan gatazka sortu zen. Enpresa batzordeak Gonzalezen eskutan ez zuen lantegiaren etorkizuna bermatuta ikusten eta zuzendariaren hainbat jokabidek konfiantza falta ekarri zuen. Langileek grebara jo zuten, baina ordurako Baikap-ek makineria enkantean jarria zuen. Lan gatazka langileen kaleratzeekin bukatu zen. Kalte-ordainak makineriaren salmentatik jasoko zituztela sinatu zuten sindikatu guztiek LABek ez bestek. Akordio hori ondorengo borrokan zama izan da.

Inasako prozesua "arraroa" izan da. Ez zordunek ez inork ez zuen eskatu Inasa hartzekodunen lehiaketan sartzea. Baikap-ek berak egin zuen eskaera, aktiboak zorrak baino gehiago zirenean (azaroaren 5ean). Lehiaketako administratzaileak enpresan sartu ziren, baina ezin zuten erabakirik hartu, ikuskatu besterik ez. Makineria enkantean zegoela, Inasa eskuratzeko ez zegoen eskaintzarik.

Administratzaileak makinaria saltzea edo ez erabaki zezakeen. Egoera horretan, zordunek ezer ez baino zerbait kobratzea hobe litzatekeela pentsatuta salmenta baimendu zuen. Ez Nafarroako Gobernuak ez inork ez zuen helegiterik jarri.

Iritzia
Nafarroako Gobernuaz, langileek uste dute ez dela benetan busti, "hor egotera jokatu du". Hartzekodunen lehiaketako administratzaileez, berriz, "Baikap-ek Inasa desegiteko pentsatutako estrategiaren jarraitzaile izan dira. Enpresa zegoen fasean makineria ezin zen saldu, beste aukera batzuk zituzten". Inasarekin gertatutako Nafarroan inflexio puntu bat izan dela adierazi digute. Langileek eta herritarrek itxiera asmoaren aurrean emandako erantzuna aitortu dute. "Bestalde, erakutsi da itxiera batean zer dagoen eta sektore publikoak ez duela halakoak eteteko gaitasunik".

Erreakzioak
Irurtzungo Udalak agorrilaren 19an egindako bilkuran Inasaren itxieraren inguruko akordioa onartu zuen. Udalak Baikap enpresaren eta bere ordezkari Gonzalezen jarrera "agintzailea" salatu zuen: "enpresak bideragarritasuna izan arren 175 langile baino gehiago langabezian utzi ditu". Irurtzungo plenoak "sumina eta haserrea" azaldu dio Nafarroako Gobernuari bere kudeaketan "gaitasun eza eta ausardia faltagatik". Baita, "inbertsogileen proposamena aztertzeko eta gauzatzeko beharrezko ahaleginak egin ez izanagatik". Espainiako Gobernuko ordezkari Carmen Albaren jarrera ere errefusatu zuen Irurtzungo Udalak, kasu horretan Guardia Zibilaren jokabideagatik: "langileak gaizkileen pare tratatu dituzte eta zerbitzu pribatu baten pare jokatu dute".

Langile eta senideek lanpostuen defentsan egindako ahalegina nabarmendu Irurtzungo Udalak. Irurtzundarrek erakutsitako elkartasuna goraipatu du: "halakorik herrian ez errepikatzeko funtsezkoa". Sorturen arabera "nabarmen gelditu da Nafarroako Gobernuak langileriaren interesen alde, enpleguaren alde ezer ez duela eginen. Horregatik, Lourdes Goikoetxea lehendakari-ordearen dimisioa eskatu zuen. Nafarroako Gobernuaren "ahotsa eta ekimena ez da inon ageri. Berriro ere langileak krisiaren zama ordaindu behar".

Aralar-tik adierazi zutenez, "tamalez, ikusi dugu nola estatua, kasu honetan epailea espekulatzaile eta arrisku kapitalen alde jartzen den; gezurrak erabiliz Inasa erosi zuten enpresa itxi eta zatika saltzeko, ez zuten kontutan hartu langileen eskubideak edota Irurtzun aldeko ekonomia".

I-Ek Nafarroako Gobernuari ardura bere gain hartu eta premiazko esku hartzea eskatu zion. Itxieraren kontra borrokan aritutakoak zoriondu egin zituen.

Parlamentuan
Heldu den asteazkenean Inasaren gaia, atzera ere, Nafarroako Parlamentuan aztertuko da. Eraikinaren kanpoko aldean, 10:00etan, kontzentrazioa eginen da eta hartan parte hartzeko deia zabaldu dute.