Irurtzunen astearteroko azokaz aparte aste honetan beste azoka bat izanen da, etzi: Irurtzungo eta Arakilgo I. bertako ganadu azoka hartuko du. Bertako arrazetako azienda, garaiko nekazaritza produktu ekoizleak eta artisauak elkartuko dira igandean Irurtzunen. Musika, kale animazioa eta talogileak ere izanen dira. Garai bateko irudia berreskuratuko du Irurtzunek, "garai batean herriari merkataritza izaera eman zion nekazaritza- eta abere-azoka famatua berreskuratuz". Hori bai, "garai berrietara egokituz, zuzeneko salmentaren alde apustua eginez eta herria eta eskualdea garatzeko ekarpena eginez". Izan ere, antolatzaileen iritziz, "Sakanako ekonomia berreskuratzen laguntzeko" lan ildo bat da azokak hartzen duena. Antolakuntzan ari den Belardiko kide Araitz Ganboak Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez, duela bi urte martxan jarri zuten euren ekimenarekin eta Etxarrin egiten den Amalurra azokarekin hainbat aldaketa sustatu nahi dituzte: ekoizpen ereduan, iraunkortasunean, kontsumo eredu iraunkorraren alde eta abar. Ganboak esan duenez, "ikuspuntu horretatik herriko plazen, azoken berreskurapena izan da gure helburuetako bat. Baita nekazarien inplikazioa plaza horiek berreskuratze aldera. Ekoizleen eta jendartearen arteko lotura sortzea". Belardiren, Sakanako Garapen Agentzia eta Irurtzungo eta Arakilgo udalen elkarlana sortu zen eta horren emaitza da etziko azoka. Ganboaren esanetan "bai kualitatiboki, bai kuantitatiboki Irurtzungo azokak suposatuko duena ikaragarria izanen da. Bertako arrazen alde ari diren elkarteak, nekazariak eta artisauak inplikatzea lortu dugu. Denen artean Irurtzunek zuen azoka garrantzitsu hori berrestu dugu. Baina ez hori bakarrik, irizpide duin batzuekin berreskuratzea". AitortzaIrurtzunen etzi eginen den azokan izanen diren abereak bertako arrazetakoak izanen dira. Horrekin antolatzaileek bi helburu lortu nahi dituzte. Alde batetik, herritarrei bertako arraza horiek eta haien hobekuntzan lan egiten duten elkarteen zeregina ezagutzeko aukera eman nahi dute. Baina, aldarrikapenari ere egin nahi diote tokia. Antolatzaileek adierazi dutenez, ikusgai izanen diren arrazetako animaliak arriskuan daude. "Bertako arrazak genetikoki hobetzeko eta haiek kontserbatzeko lanean ari diren elkarteak 2.009z geroztik Nekazaritza Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren murrizketa gogorrak nozitzen ari dira". Landa eremuaren kudeaketan eta sozio-ekonomian arrazok garrantzia dutela azpimarratuko da eguerdiko ekitaldian.Horregatik, eguerdian, elkarte horiei guztiei (teknikari eta abeltzainak), egiten duten lanagatik, merezi duten aitortza eginen zaie. Omenaldian Arakil eta Irurtzungo alkateek parte hartzeaz aparte, Sakanako beste udaletako ordezkariak ere izanen dira. Guztien presentziarekin islatu nahi da ibarrean lehen sektorea apustu estrategiko bat gisa hartu dela eta hori adierazi nahi da. "Irurtzungo azoka ez da zerbait isolatua. Etxarriko Amalur azokarekin eta etorriko diren beste batzuekin eskualdeko estrategia baten barruan daude", azaldu digu Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterolak. Hiru guneak Tokiko abereen gunea (plazako frontoia)Ardiak: latxa ardi arpeltz eta mutur gorriak (Aslana), Nafarroako rasa ardi (Arana) eta sasi-ardia (Sasiko). Behiak: behi piriniarra (Aspina), nafar kasta eta betizua (Asbena).Behorrak: Auritz (Ascana) eta Nafarroako jaka (Jacana).Txerriak: euskal zerria.Oiloak: euskal oiloa.Azoka gardena (Foru plaza)Belardi (Sakanako ekoizleak) eta EHNEko Bizilurreko nekazari eta abeltzainek euren salmahaiak jarriko dituzte. Erosleak ekoizlearekin zuzenean eginen du tratua. Galderak egin eta zalantzak argitzeko aukera ere izanen du. Gazta, esnekiak, ogia, ardoa, olioa, barazkiak... Artisauak (Lizarra kalea)Otero Pilotagilea (euskal kirolak, Anoeta, Gipuzkoa), Aziza Puch tailerra (ehuna, Meano, Nafarroa), Marian Corres (keramika, Gasteiz, Araba), Garbi xaboi naturalak (kosmetika, Zegama, Gipuzkoa), Aretxederra artisautza (larrua, Sopuerta, Bizkaia)Txus Gruzeta (bitxigintza, Heredia-Barrundia, Araba), Alben (ezpartinak, Gasteiz, Araba), El Txoko (buruhandiak, Erriberri, Nafarroa), Bernat Vidal (harria, Abadiño, Bizkaia), Lorratz (artea, Abadiño, Bizkaia), Eskuz Holakatua (zura, Senpere, Lapurdi)Zapatari (oinetakoak, Iruña, Nafarroa), Jose Luis Anso (zura, Oitz, Nafarroa) eta Marian Mayo (ehuna, Laudio, Araba). Gainera, Izurdiagako Brum forjarien erakustaldia izanen da. AntolatzaileakIrurtzun eta Arakilgo udalak, Sakanako Garapen Agentzia, Nafarroako bertako ganadu arrazen elkarteak, Euskal Herriko artisauen elkartea (Arbaso), Belardi elkartea eta EHNEko Bizilur taldeko nekazari eta abeltzainak.